Seme kutuna gogoan
Nestor Basterretxea artista bermeotarrari omenaldia egingo diote, bihar. Kasinoko areto nagusian izango da ekitaldia, eta ondoren, bere lanen inaugurazio sinbolikoa egingo dute.Bermeotartasuna ezpainetan eta bihotzean eraman zuen beti Nestor Basterretx...
Nestor Basterretxea artista bermeotarrari omenaldia egingo diote, bihar. Kasinoko areto nagusian izango da ekitaldia, eta ondoren, bere lanen inaugurazio sinbolikoa egingo dute.
Bermeotartasuna ezpainetan eta bihotzean eraman zuen beti Nestor Basterretxea artista bermeotarrak. Bermeoren seme kutuna 2014ko uztailaren 12an hil zen. Bihar, Nestor Basterretxea izango du gogoan herriak, eta horretarako, ekitaldi «polita eta hunkigarria» antolatu dute.Basterretxea hil ondorengo osoko bilkuran hartutako konpromisoa betetzera datozela esan du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. Orduko hartan, atsekabea adierazteaz gain, omenaldi bat antolatzeko konpromisoa hartu zuten. «Atzerapenaren» arrazoia, baina, familiagaz data bat zehaztu beharra izan da, «eta negu gordinean ez zen egin gura».
Nestor Basterretxea pertsonagaz eta artistagaz batera, 2014. urteko uztailean Bermeoren seme kutuna joan zela nabarmendu du Bidegurenek: «Ezinbestekoa da, hortaz, Basterretxea omentzea, Bermeoko herriarekiko agertu zuen eskuza- baltasuna eskertzeko».
Kasinoan ekitaldia
Biharkoa herriak Basterretxeari egingo dion omenaldia izango dela nabarmendu du Bermeoko Kultura zinegotzi Aingeru Astuik. Haren esanetan, «asko izan dira omenaldi hori egiteko interesa agertu duten herritarrak eta elkarteak». Hala, 12:00etan hasiko da artista bermeotarra gogoan izateko antolatu duten omenaldia. Ekitaldia Bermeoko Kasinoan izango da; areto nagu- sian, hain zuzen ere.
Bermeoko herritar eta talde askoren parte hartzea izango da: txistulariak, txalapartariak, gaiteroak, dantzariak, Bermeoko Abesbatza, Izaro Abesbatza… Bestalde, Basterretxeari buruzko adierazpenak egingo dituzten zenbait lagun ere izango dira. Hala, txikitan bere lagun izandako batek berba egingo du, Bermeoko eta kanpoko lagunek parte hartuko dute, eta, azkenik, artistak egindako lanen inguruko gainbegiratzea ere egingo dute. Haren «bermeotartasuna» nabarmendu gura dutela azaldu dute antolatzaileek.
Kasinoko areto nagusian egingo duten ekitaldia amaitu ostean, Lamera parkean bilduko dira, Euskal Kosmogonia Nestor Basterretxearen eskultura multzoaren aurrean, artista bermeotarrak udalerrian zehar duen parke eskultorikoaren inaugurazio sinbolikoa egingo baitute. Izan ere, asko dira udalerriko txoko desberdinetan aurki daitezkeen «bermeotar unibertsalenaren» lanak: Euskal Kosmogonia, Hilargi amandrearen mamuak, Hilarriak, Olatua, Benito Barruetaren omenezko monumentua, Matxitxakoko bataila eta Lurdeia.
Nestorren «altxorra»
Bermeoko alkateak adierazi duenez, «Bermeo da artista bermeotarraren artelan gehien dituen herria». Modu horretan, haren «altxor bat» du Bermeok, eta altxor hori «munduari erakutsi» gura diote.
Era berean, Basterretxeak bere obra «mundu osoan zehar» zabaldu zuela gogorarazi dute, eta «zabalkunde horretan Bermeoko herriaren erakusleiho ezin hobea izan zela» esan du Bidegurenek: «Ahal izan zuen guztia eman zion Bermeoko herriari».
Bere jaioterriagaz harreman estua izan zuen beti Basterretxeak, eta «beti gogoan» izango dutela jakinarazi dute. «Nahiz eta ez egon gure artean, bere lanak ditugu, eta horien bitartez beti gogoratuko dugu Nestor. Artista oso ona izan zen, eta artista baino pertsona hobea», adierazi du alkateak.
Arrantzaleen Museoak ere bat egin gura izan du omenaldiagaz, eta bihar, Nestor Basterretxeak zuzendutako Ama Lur dokumentala eskainiko du, 17:30ean, museoan bertan. Ez da aurretiazko erreserbarik egin behar izango.