Gure Ametsa dantza taldeak jaso du Mutrikuko 2015 Berdel Aipamena
Taldeak bere sorreraren 50. urteurrenaren harira jaso du sari preziatua. 20. Berdel Eguna antolatzeko motorrak berotzen hasita daude antolatzaileak eta boluntarioakMutrikuko Gure Ametsa dantza taldeak eskuan dauka Berdel Aipamenaren sari preziatua. Bar...
Taldeak bere sorreraren 50. urteurrenaren harira jaso du sari preziatua. 20. Berdel Eguna antolatzeko motorrak berotzen hasita daude antolatzaileak eta boluntarioak
Mutrikuko Gure Ametsa dantza taldeak eskuan dauka Berdel Aipamenaren sari preziatua. Barikuan egin zen sari banaketa Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatearen ezustekoarekin hasi zen; Palenzuelak Agurra dantzatu zuen, Gure Ametsa dantza taldekoen harridurarako.Alkatearen dantza saioa amaitu orduko, txalo zaparrada entzun zen. Ondoren, Gure Ametsa dantza taldeko kide guztiak zoriondu nahi izan zituen Palenzuelak. «Mutrikuko herriak Berdel Aipamena eskaini nahi dizue, eta alde horretatik zorionak. Bestetik, zorionak baita ere, 50. urteurrena betetzen duzuelako. Biak dira zorionak emateko arrazoi pisutsuak. Gure herriaren izate hori Euskal Herri osoan barrena eraman duzuelako saritu nahi dugu».
50 urteko lana, gogora
Gure Ametsa dantza taldearen sorrera gogora ekarri zuen Palenzuelak, eta euskal ohiturak zaindu beharra azpimarratu zuen. «Ezkutuan egon beharreko garai haietan talde bat sortzeko batu zineten. Herri oso baten ametsaren zaindari izan zarete. Zuen lana oso garrantzitsua izan dela iruditzen zait, eta horri eusten saiatu behar dugu».
Alkateak, baina, oroigarria banatu aurretik Gure Ametsa dantza taldeko bi kideri Agurra dantzatzeko eskaera egin zien, urteak atzera, eurak gazte-gazteak zirenean frontoian egin zuten moduan.
Udaletxean izan zen Berdel Aipamena, urtero modura. Eta aretoa, nola ez, bete-beteta egon zen. Ekitaldia giro onean egin zen eta Gure Ametsa dantza taldekoek esker ona agertu zuten.
Zapaturako giroa berotzen
20. Berdel Eguneko egun handia zapatuan izango bada ere, mutrikuarrak motorrak berotzen hasita daude. Aurten, egun batez ordez, lau eguneko egitaraua antolatu dute.
Gaur, esate baterako, boluntarioak kofradian batuko dira. 15:00etatik aurrera, berdel pintxoak prestatzeko arraina garbitzen ariko dira. «Jendeak laguntzera etorri nahiko balu, ateak zabalik izango ditugu», adierazi dute.
Egitarauan, gainera, hainbat berritasun egongo dira. Etzi, esaterako, herriko tabernarien arteko pintxo pote lehiaketa egingo da. Portutik abiatuta, herritarrek pintxoak dastatu eta euren gustukuena bozkatzeko aukera izango dute tabernetan bertan ipiniko diren hautetsontzietan. Sariak bariku iluntzean banatuko dituzte.
Berritasunekin jarraituz, herriko haurren arteko hormairudi lehiaketa eta arrantza lehiaketa ere egingo dira.