2016ko udaberrirako amaituko ditu foru aldundiak Urberuagako lanak
Errepidea laranjaz margotu dute, eta seinale batzuk jartzen hasi dira beharrekin hasteko. Lanak hasi izana «pozez» hartu du Markina-Xemeingo EAJkUrberuaga auzoko errepidea hobetzeko lanak abiarazi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, eta aurreikuspenen arab...
Errepidea laranjaz margotu dute, eta seinale batzuk jartzen hasi dira beharrekin hasteko. Lanak hasi izana «pozez» hartu du Markina-Xemeingo EAJk
Urberuaga auzoko errepidea hobetzeko lanak abiarazi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, eta aurreikuspenen arabera, 2016. urteko udaberrirako egongo da prest bidea.Herri Lan eta Garraio Sailak egin nahi dituen jardueretako bat BI-633 errepidearen egungo bidea aldatzea da, eta horretarako itzulbide bat egingo du Larruskaingo BI-4403 errepidearekiko bidegurutzea birmoldatuz. Obrak egingo dituzten zatia laranjaz margotu dute jadanik, eta seinaleak ere jartzen hasi dira.
Urberuagako obraren bidez zirkulazioa erraztu eta ikuspena hobetzea lortu nahi du aldundiak; horretarako, BI-633 errepidearen 50 eta 52 kilometro-puntuen artean dauden bihurguneen erradioa handituko dute. Lanek 3.167.772,89 euroko kostua izango dute, eta hamabi hilabeteko epea dago amaitzeko.
Errepidearen zati berriak 3,50 metroko zabalerako bide bi eta 0,50 metroko bazterbideak izango ditu. Horretaz gainera, babes-berma bat jarriko dute, eta 250 metro baino gutxiagoko erradioa duten bihurgune guztiak handituko dituzte. 52. kilometro-puntuaren hasieran dagoen sestra-aldaketa ere hobetuko dute, gidariek ikuseremu hobea izan dezaten.
Aldaketa garrantzitsua izango da bai eta ere, Larruskaingo bidegurutzearen aurrean eraikiko duten elkargunea. Markina-Xemeinerantz doazen ibilgailuek eta Larruskaingo BI-4403 errepidetik Ondarroarantz doazenek noranzkoa aldatzeko aukera edukiko dute bertan.
«Hobekuntza argia»
Urberuagako lanak hasi izana «pozez» hartu du Markina-Xemeingo EAJk, eta Bizkaiko Foru Aldundiak proiektuari emandako «aupada» azpimarratu dute jeltzaleek, «Lea-Artibaiko errepideen hobekuntzarako 3,1 milioiko inbertsioa egitea eskualdearen aldeko apustu argia delako».
Markina-Xemeingo jeltzaleek aitortu dutenez, Markina-Xemein eta Ondarroa lotuko lituzkeen errepidea egiteko asmoa zegoen, baina, krisi ekonomikoak atzeratu du. «Urberuagako tartearen segurtasuna hobetzeko beharrizana bazegoen, baina, eta gure aldetik horren alde egin dugu lan». Beraz, egingo diren lanek «hobekuntza argia» ekarriko dutela azpimarratu dute.