Axi Muniain olatu erraldoien surflaria egongo da Lekeition

Axi Muniain olatu erraldoi bat hartzen.

Axi Muniain olatu erraldoi bat hartzen. Argazkia: Urola Kostako Hitza

Axi Muniain olatu erraldoien surflaria Lekeition egongo da barikuan, martxoak 27. Artzabal Surf Elkarteak solasaldia eta bideo emanaldia antolatu ditu eta surfalari ezaguna gonbidatu dute ekitaldira. 19:15etan hasiko da kultur etxean Muniainen berbaldia, eta ondoren, bideoa emango du Artzabalek Beldurrak uxatuz eta giza baloreak indartuz izenpean.

Lorpen handiak

Axi Muniain Europako goi mailan lehiatzen aritu zen baina 20 urtegaz lehiaketa mundua utzi eta surfa beste ikuspegi batetik bizitzen hasi zen. Ozeano atlantikoak sortzen dituen itsasaldi handiei jarraitu eta hauek isurtzen dituzten olatu handienak surfeatzeko ahaleginean murgildu zen pixkanaka. Urte askotako ahalegin eta ikerketa lanaren ondorioz emaitza ikusgarriak lortu ditu Muniainek. 2007an Billabong XXL Awards sarien finalera pasatu zen, Paddle modalitatean finalera pasa zen historiako lehen Europearra izanik. 2009an berriro finalera iritsi zen, eta paddle eta towing, bi modalitateen finalera igarotzea lortzen zuen munduko lehen surflaria bihurtu zen. Guztira bost bider egon da XXL Big Wave Awards munduko bost olatu handienen sarien finalerako izendatua.

Billabong XXL sarietako hautagaien artean

Aurten, berriro ere, Los Angelesen ematen diren Billabong XXL sarietako hautagaien artean dago. Abenduaren 15ean playa gris bezala ezaguna dugun olatuan 10 metro inguruko olatua surfeatu ahal izan zuen bere besoen indar hutsez, udazkenak ekarritako lehen denboralean. Olatu horregaz aukera handiak ditu finalera iritsiko diren bost hautagaien artean hautatua izateko.