San Martin errekaren zati bat berreskuratzeko lanak egin dituzte
Uraren Euskal Agentziak egin ditu lanok, Bermeoko Udalaren eta Pevasa enpresaren laguntzagaz. Gunea garbitu dute, eta hango zuhaitzak landatu dituzteEusko Jaurlaritzaren Uraren Euskal Agentziaren (URA) ubideen mantentze zerbitzuak San Martin errekaren ...
Uraren Euskal Agentziak egin ditu lanok, Bermeoko Udalaren eta Pevasa enpresaren laguntzagaz. Gunea garbitu dute, eta hango zuhaitzak landatu dituzte
Eusko Jaurlaritzaren Uraren Euskal Agentziaren (URA) ubideen mantentze zerbitzuak San Martin errekaren zati bat berreskuratzeko lanak egin ditu, Bermeoko Udalaren eta lurren zati baten jabe den Pevasa enpresaren laguntzagaz. Azaldu dutenez, errekako ertzaren 100 metro inguru berreskuratu dituzte, eta otsailean hasi zituzten lanak.Bermeoko Udalaren Ingurumen Sailak adierazi duenez, «zati horretan errekaren egoera ez zen ona ingurumen ikuspuntua kontuan izanik. Ubidearen zati batean erabiltzen ez zen industria-lursail bat zegoen. Gune horretako alde batean obra-hondakinak eta banbuen moduko espezie inbaditzaileak zeuden, bestean, berriz, bertan behera utzitako ortu bat, zaborrez eta hondakinez betea».
Pevasa enpresak gune hori bere bulegoak jartzeko erosi zuenean, «ingurua ahalik eta gehien errespetatzearen aldeko apustua egin zuen». Hala, erakunde guztiak ados jarrita, San Martin erreka inguru horren berreskuratze lanak egiten hasteko beharrezkoak ziren pausoak ematen hasi ziren.
Pevasaren bulegoak eraiki ostean, errekaren ertzak garbitzen hasi ziren. Garbiketa, baina, selektiboa izan zela azaldu dute ingurumen sailekoek: «Hango landaretza errespetatu egin zen, eta banbu eta kainabera espezie inbaditzaileak kendu ziren». Era berean, garbiketa lan horiek aprobetxatu zituzten uraren jarioa galarazten zuen enborrak eta oztopoak kentzeko. Ondoren, inguruko hondakin guztiak kendu zituzten, batez ere, ubidekoak eta utzitako txabolaren ingurukoak».
Bertoko zuhaitzak
Garbiketa lanak amaitu ondoren, zuhaitzak landatzeari ekin zioten, ibai-ertzetako bertoko zuhaitzak, hain zuzen ere: haltzak, hurritzak, lizarrak, sahatsak…, guztira, 65 zuhaitz landatu dituztela jakinarazi dute.
Udal ingurumen sailak nabarmendu duenez, «ingurumenean balio handia duen gunea berreskuratu gura izan da». Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren baitan egoteaz gain, «Europako Batasunak Urdaibaiko erreka sarea oraintsu izendatu du Kontserbazio Bereziko Gunea (KBG).
Udalaren laguntzagaz, 2011. urtean hasi zituen URAk San Martin erreka berreskuratzeko lanak. Orduko hartan, orain berreskuratzen ari diren zatiaren goiko aldean egin zituzten lanak, 400 metro inguru berreskuratuta. Gainera, igarobide txikitxo bat ere sortu zuten. Emaitza «oso ona» izan zela diote ingurumen saileko arduradunek.