Antxoa eskasiak asteon bentan izan duen prezio igoeran eragina izan du
Eguraldi txarra dela eta, ontziteria portuan lotuta egon zen eguaztenean. 5,50 eta 6,80 euro artean saldu da antxoa bentalekuan. Urreburua eta erla ere nahikoa garesti saldu diraAsteon, eguraldi txarra dela eta, arrain gutxiago porturatu dute arrantzal...
Eguraldi txarra dela eta, ontziteria portuan lotuta egon zen eguaztenean. 5,50 eta 6,80 euro artean saldu da antxoa bentalekuan. Urreburua eta erla ere nahikoa garesti saldu dira
Asteon, eguraldi txarra dela eta, arrain gutxiago porturatu dute arrantzaleek Ondarroan. Iparraldeko haizeak eraginda, itsaso txarra egon da, eta eguaztenean, esate baterako, turrunik ere ez zen entzun Egidazu Kaian. Baxurako ontziei dagokienez, eguaztenean denak portuan lotuta geratu behar izan zuten.Arrainari dagokionez, antxoa eskaintzaren faltan prezio oso onean saldu da. «Eguraldi txarra dela eta, ez dute askorik arrantzatu, eta gutxi dagoenez, ondo kotizatu da bentan».
Martitzenean, esate baterako, 300 kaxa inguru ekarri zituzten (3.000 kilo), eta 5,50 eta 6,80 euro bitartean saldu zen bentalekuan. Antxoa nahikoa txikia izan zen, kiloan 70 alekoa.
Atzo ere, antxoa gutxi porturatu zuten arrantzaleek. Goizeko lehen ordutarako 240 bat kaxa antxoa salduta zeuden.
Martitzenean, bestalde, urreburua eta erla ere prezio oso onean saldu ziren. 1.200 kilo urreburu ekarri zituzten eta horiek 8,90 eurotan saldu ziren, bataz beste. Libe ontziak, aldiz, erla ere ekarri zuen; 10.000 kilo inguru denetara. Bataz beste, 6,23 eurotan saldu zen erla.
Bestalde, ez da berdel askorik saldu Kalare Deuna kofradiako bentan. «Egon den apurra, amuko ontziek ekarri dute, eta horiek ere ez dute gehiegirik harrapatu. Amukoak berdel nahira atera dira, eta arraina non dagoen aurkitu baldin badute ere, karnatarik ez du jan nahi, antza», azaldu dute kofradiako arduradunek.
Sardina ere bai
Antxoa eta berdelaz gain, arrantzaleek aspaldiko partez sardina asko ekarri dute azken egunotan. Martitzenean, batez ere, freskorako saldu ziren 110.000 kilo porturatu zituzten arrantzaleek Ondarroan.
Merke saldu zen, 45 eta 60 zentimo artean. Tamainari dagokionez, denetarikoa izan zen; tartean, parrotxa eta handia nahastuta ekarri zituzten, kiloan 20 eta 24 alekoa.
Atzo ere, ekarri zuten sardina. Lehen ordurako 1.000 bat kaxa saldu ziren, eta tamainaz handiagoa izan zen arraina zer edo zer garestiago saldu zen; euro bat eta 35 zentimo artean.