Auzokonposta gune berriak zabalduko dituzte Lekeition
Herritarren harrera ona eta interesa ikusita, herriko auzokonposta guneetan parte hartzeko itxaron zerrenda zabaldu du Lekeitioko Udalak, bai dauden auzokonposta guneetan parte hartzeko, bai eta urte honetan zabaldu nahi duten auzokonposta gune berrira...
Otsailaren erditik bi auzokonpost gune dituzte Lekeition: Letraukua eta San Andreskoa. 40 familia hasi ziren Letraukuako gunean parte hartzen, eta euren esperientziari jarraituz, beste 80 etxetako bizilagunak animatu dira bolondres proiektura. Guztita, momentuz, 120 etxe unitate dabiltza bere hondakinak ongarri bihurtzen.
«Lekeitioko Udalaren lehentasunen artean hondakinen sorkuntzaren prebentzioa dago, bai eta haien kudeaketa moduetan hobekuntzak ezartzea ere», azaldu dute. Hori dela eta, joan den asteko osoko bilkuran auzokonposta guneak arautzeko udal ordenantza onartu zen Bildu eta EAJren bozkekin. «Guzti horrek funtzionamendu egokia izan dezan gune horien kudeaketa egokia arautu behar da, eta, era berean, konposta eginez beren etxeetako hondakinak kudeatzeko prest dauden herritarren eskubideak eta betebeharrak arautu». Hemendik aurrerako pausoa proiektua zabaltzea dela adierazi du udalak, eta modu boluntarioan parte hartu nahi duten lekeitiar guztiei beraien etxeko hondakinak kudeatzeko aukera ematea.