Beteranoen pilota finalak emozioz beteta datoz
Domekan jokatuko dira Lekeitioko trinketean X. Beteranoen eskuz binakako txapelketako finalak. Emozioz betetako finala espero da. Azken bost urteetan finalean egon diren Arroitajauregi iurretarrak eta Arrate lekeitiarrak aurkari gogorrak izango dituzte...
Joan den domekan ere partida ikusgarria eskaini zuten Plazaolak eta Navarrok. Telleria eta Bastidari 30 eta 20 irabazi zieten azkoitiarrak eta amorotarrak, tanto bikainak eginda eta defentsa ona erakutsita. Txapelketa ikusgarri baten ostean, finalera merezimendu guztiagaz ailegatu dira.
Garaipena ez dute, baina, erraz edukiko. Arroitajauregi eta Arrate beteranoak dira finaletan, eta azken hiru urteetan txapelak jantzi dituzte.
Lehia bizia
Finala 12:00etan jokatuko bada ere, aurretik 5. eta 6. postuak eta 3.a eta 4.a lehiatuko dira.
10:00etan hasiko da 5. postua lortzeko norgehiagoka. Jaunarena eta Foster daude alde batetik, eta Beraza eta Etxebarria bestetik. Bikote biak indartsu aterako dira trinketeko kantxara garaipenaren bila.
3. eta 4. posturako norgehiagoka, berriz, Telleria eta Bastida eta Moral eta Lakaren artean izango da. Moral, lekeitiarrak eta Laka mendexarrak txapelketa bikaina egin dute eta aurkari indartsuak izango dira. Telleria lekeitiarra eta Bastida elgoibartarra iazko finalean egon ziren, eta, beraz, aurten 3. postuari eutsi nahiko diote.