Etxebizitza arazoari alternatiba bilatuko diote bihar, Eskolapean
Etxebizitza arazoak baduela alternatiba ozen esango dute bihar Lekeition. Duindduz herri eragileak antolatuta, Eskolapean elkartuko dira lekeitiarrak herrian duten etxebizitzen arazoa eztabaidatzeko.Etxea Eskolapera eramango dute hasteko, 10:00etan. Et...
Etxea Eskolapera eramango dute hasteko, 10:00etan. Etxebizitza bat irudikatuko dute altzari eta guzti, eta bera izango da egunean burutuko diren beste ekintza guztien bilgunea.
12:00etan etxebizitzen gaiaren inguruan esanguratsuak ziren guneetatik ibilaldia egiteko asmoa zeukan Duindduzek. Baina Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarra «lehenbailen etxeratzea» eskatzeko manifestazioa egingo da 13:00etan Ondarroan, eta, beraz, ekitaldi hori bertan behera uztea erabaki dute.
Alternatiben bila
17:00etarako prestatu duten kafe eztabaida, berriz, mantendu egingo dute. Etxe hutsak alternatiba modura, baina zelan? galderari erantzuten saiatuko dira lekeitiarrak. Etxebizitza arazoari konponbidea emateko bide bakarra etxe hutsen erabilera dela hausnartu dute Duindduz-eko kideek, eta irakurketa horri ze irtenbide eman ahal zaion aztertuko dute.
Eguneko ekitaldien amaiera modura elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan. «Formatu ezberdineko gauzak antolatu nahi izan ditugu, eta protesta izango da eguneko azkenengoa», azaldu dute.