Urte bat bera hutsik ere egin gabe azken 20 urteak Berdel Eguneko boluntario gisa aritu izan dira Itziar Bedialauneta (Mutriku, 1952), Maria Pilar Osa (Mutriku, 1951) eta Maria Jesus Agirrebengoa (Mutriku, 1965).
Itziar Bedialauneta, Maria Pilar Osa eta Maria Jesus Agirrebengoa, Berdel Eguneko boluntarioak.
Kuadrillakoek eta ezagunek animatuta hasi ziren hirurak. Agirrebengoa, esaterako, itsasgarriak jartzen hasi zen eta urte batzuk beranduago batu zen Osarekin eta Bedialaunetarekin batera berdela garbitzera.
Egunak daramatzate Berdel Eguna prestatzen, eta bihar ere portuan izango dira pintxoak prestatu eta horiek jendartean banatzen, beste ehunka boluntariorekin batera.
Biharko egun handia ailegatzeko desiatzen daude hirurak, gainera. Marinel arropak eta mahonezko zapia lepoan jantzita dutela kalera irtengo dira denak egunarekin gozatzera. «Goizetik eguna ospatzen hasiko gara. Eguerdi aldera pintxo potea egin, eta arratsaldean ondo baino hobeto pasako dugu berdel pintxoak prestatzen eta banatzen», diote Bedialaunetak eta Osak, irribarre artean.
Aste guztian prestaketa lanak egiten ibili ondoren, marinel arropak eta mahonezko zapia lepoan jantzita dutela kalera irtengo dira zapatuan denak, egunarekin gozatzera
Aste guztian prestaketa lanak egiten ibili ondoren, Berdel Egunari gauza bakarra eskatzen diote: eguraldi ona egitea. «Eguraldiak laguntzea da guretzat onena. Hainbeste lan egin eta gero eguraldi txarra baldin badago, tristura sartzen zaigu. Eguraldi txarrarekin gure lan eta ilusio denak ezerezean gelditzen dira».
Lagunarteko giroan
Goizean hasi eta iluntzeko orduak arte, jo eta su lanean ariko dira boluntario guztiak. Muntaketa lanak oso goiz hasiko dira portuan. Agirrebengoak, esate baterako, bertan laguntzeko asmoa du.
Era berean, dena prest edukitzeko aurretik ere hainbat lan egin dituzte boluntarioek. Bihar banatuko diren milaka pintxoetarako arraina garbitzen aritu dira; horien artean izan dira Agirrebengoa, Osa eta Bedialauneta ere.
Agirrebengoa, Osa eta Bedialauneta urterik urte ilusioz beteta eta gogotsu etortzen dira laguntzera; kofradian batu eta jatetxeetan eta tabernetan pintxoak egiteko banatu den berdel egosia garbitzen aritu ziren martitzenean
Hirurak ere, urterik urte ilusioz beteta eta gogotsu etortzen dira laguntzera. Egiten duten lana gogorra baldin bada ere, gustura ibiltzen direla aitortu dute. «Lanak egin bitartean, arratsalde ederra pasatzen dugu. Kontu kontari aritu, meriendatxoa jan eta kantuan ibiltzen gara».
Kofradian batu eta jatetxeetan eta tabernetan pintxoak egiteko banatu den berdel egosia garbitzen aritu ziren martitzenean. Arrainari hesteak eta burua kendu, azala atera eta hezur guztiak kentzen aritu ziren haragia garbi-garbi geratu arte.
Berdel Eguneko boluntarioak, berdela garbitzen, jaia ospatu aurreko egunetan.
Berdel egosia garbitzeaz gain, pintxoak banatzeko erabiltzen diren azpilak ere prestatu zituzten. Beste boluntario batzuk, aldiz, freskoan egiteko erabiliko den berdela garbitzen aritu dira azken egunotan.
Belaunaldi berriak
20 urtean laguntzen aritu ondoren, euren tokia hartuko duen jende berriaren beharra dagoela ere adierazi dute. «Ahal dugun bitartean, hementxe ariko gara urtero modura, baina jaiak aurrera egitea nahi baldin badugu, ondorengoak beharrezkoak ditugu».
Boluntario berriren bat edo beste laguntzen hasi baldin bada ere, oro har, jende gehiagoren faltan daudela diote. «Giro polita egoten da bai egunean bertan, eta baita aurreko prestaketa egunetan ere bai. Edozein herritarri etortzeko gonbitea egiten diogu. Ez dakienari ere, erakutsiko zaio. Nik neuk, esate baterako, ez nekien berdela garbitzen, eta hementxe irakatsi didate», azaldu du Maria Jesus Agirrebengoak.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.