Putzu septikoren beharrik ez dago dagoeneko
Joan den urteko urrian jarri zuten martxan Bermeoko eta Mundakako urak tratatzen dituen Lamiarango araztegia. Ordutik putzu septikoen beharrik ez dagoela jakinarazi du Bermeoko Udaleko zerbitzuetako teknikari Iñigo Gonzalezek atzo egindako prentsaurre...
Hala, herriko saneamendu sarera lotuta dauden putzu septiko guztiak dagoeneko zarratu daitezkeela azaldu du, «mantenu kostuak aurrezteko, eta era berean, araztegiaren pozesua eraginkorragoa izateko». Herritarrak jakinaren gainean egon daitezen, bandoak jarriko dituztela azaldu dute.
Bitartean, Lamiarango araztegia uraren tratamendu biologikoa egiteko fasean ari da, «fase horretako frogak egiten», hain zuzen ere. Gainera, Busturialdeko Ur Partzuergoko (BUP) ingeniari Batxi Aranburuk azaldutakoaren arabera, «araztegi askotan martxan jartzen ez duten tratamendu gehigarri bat egingo du Lamiarango araztegiak; izpi ultramoreen bitartez, desinfektatze lanak egingo baititu». Izan ere, Europa mailak urarentzat ezarrita dagoen ur kalitate maila «altuena» lortu gura dute.
Uraren kalitate hobea
Dena den, araztegira iristen diren ur zikin guztiak tratamendu ezberdinen bitartez, Lamiaranetik garbi ateratzen direla baieztatu dute. Azpiegitura hori martxan egoteak Bermeoko portuko uraren kalitatea «asko hobetu» du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen esanetan: «Portura heltzen den ura garbia da orain, ez dauka hatsik eta lazunak ere inguru horretatik aldendu egin dira. Denboragaz, gainera, uraren kalitatea oraindik hobea izango da».
Zeresan handia du horretan, Bermeoko kontserberetako ur zikinak Lamiaraneko araztegian xahutzeak. Alkatearen esanetan, «ezinbestekoa zen kontserberen ura araztegian garbitu ahal izatea, eta hori lortzeko alde guztiek egin dute lan». Modu horretan, Bermeoko enpresek beharrezkoak diren neurriak hartu dituzte, egun, horietako ur zikinak Lamiararen arazteko.
Hustubidea egiteko lanak
Bestalde, saneamendu sarea osatzeko beharrezkoa den hustubidearen lanak ere hasi dituztela azaldu du BUPeko ingeniariak. Itsaspean joango da kilometro bateko luzera izango duen hustubidea. Itsaspean sartzeko lanak udan egitea aurreikusi dute, betiere, itsasoaren egoera tarteko izango dela aipatuta. Hustubidearen lanak amaitzerakoan, araztutako ura portura joan beharrean, itsaso zabalera joango da. Hain zuzen ere, 30 metroko sakoneran jaurtiko du ura.
Olioa birziklatzea
Lamiarango araztegiaren funtzionamendu egokirako, baina, etxeko erabilitako olioa birziklatzeak duen garrantzia nabarmendu gura izan zuen atzo Juan Karlos Agirre BUPeko presidenteordeak, eta herritarrei hori birziklatzeko konpromisoa hartzea eskatu die.
Herritar askok dagoeneko erabilitako olioa birziklatzen dutela aipatu du Agirrek; hala ere, herritar guztiek birziklatzea lortu behar dela dio, «oso garrantzitsua baita araztegiaren funtzionamendu onerako». Ur litro zikin bat garbitzeko, araztegiak hiru ordu eta erdi behar dituela azaldu du Agirrek, «ohiko prozesua atzeratuta».
Jakinarazi duenez, etxeko olioa birziklatzearen garrantziaren berri emateko, herriko ikastetxeekin batera kanpaina berri bat abiaraziko dute datorren hilabetean.