Arroitajauregi eta Arrate txapeldunak. Argazkia: Beteranoen Trinkete Txapelketa
Arroitajauregik eta Arratek puntua hartu diote Trinketeko Beteranoen Esku Pilota Txapelketari. Plazaola eta Navarrori 30 eta 17 irabazita iurretarra eta lekeitiarra izan dira aurten ere txapeldunak. Bost urte darama bikoteak batera jokatzen, eta 2011ko finala ezik, beste guztiak irabazi dituzte.
Zapatu gauean hasi ziren finaleko prestaketak. Hezetasuna agerian zegoen kantxan eta denbora aldatzea espero zuten antolatzaileek kantxaren egoerak hobera egiteko. Baina, domeka goizean zirimiria egin zuen, eta beraz, jardunaldia mantentzeko asmoz, zerrautsa zabaldu zuten kantxan lurzorua sikatzeko. 10:00etarako dena zeukaten prest, eta 5. eta 6. postuen norgehiagoka hasi zen.
Hasiera batean indarrak berdinduta zirudien arren, azkenean txapelketan urteak daramaten Beraza eta Etxeberriaren esperientzia izan zen gakoa. Elgoibartarrek, momentu gogorretan eusten jakin zuten, eta garaipena bere egitea lortu zuten Jaunarena eta Fosterri 30 eta 21 irabazita. Fosterrek, labankadarik ez egiteko oinutsik jokatu zuen eta horregaitik finaleko jokalari umoretsuenaren saria eman zioten.
Beteranoen Trinkete Txapelketako pilotariak. Argazkia: Beteranoen Trinkete Txapelketa.
Kantxari zerrauts gehiago botata, hasi zen 3. eta 4. postuak lortzeko lehia. Iazko finalistak, Plazaola mallabiarrak eta Bastida debarrak, ez zuten ezuztekorik nahi izan eta serio jokatu zuten garaipena eskuratzeko. Lepuko minagaz zegoen Moralek eta Lakak ezer gutxi eduki zuten egiteko. Bastidaren pilotakadei esker, errez nagusitu ziren mallabiarra eta debarra.
Finala
Plazaolak eta Navarrok atera zuten lehen sakea eta horreri esker aurretik jarri ziren markagailuan. Hala ere, seigarren tantora arte iraun zuen abantailak. 7ko berdinketaren ondoren partidua bere egiten hasi zen Arroitajauregi eta pilota atzera arte bidaltzen hasi zen Navarroren kalterako. Horrela, tantoz tanto gorriak abantaila hartzen joan ziren.
56 urtegaz bere bostgarren txapela jantzi duen Arrate lekeitiarrak sasoian dagoela erakutsi zuen. Txokoko dejadetara heldu zen, eta Plazaola azkoitiarrari erremateak egitea saihestu zion bere eskuetatik urrun utziz.
Sake ertain eta zabaleko jokoan maisu lana egin zuen Arroitajauregik, eta finaleko pilotari onena izendatu zuten.
Miriam Otazua Lekeitioko BBKko zuzendariak eta Jon Onaindia Burdinola enpresako ordezkariak banatu zituzten sariak.
SAILKAPENA
- Arroitajauregi (44 urte, Iurreta) eta Arrate (56 urte, Lekeitio)
- Plazaola (40 urte, Azkoitia) eta Navarro (51 urte, Amoroto)
- Telleria (43 urte, Mallabia) eta Bastida (41 urte, Deba)
- Moral (52 urte, Lekeitio) eta Laka (49 urte, Mendexa)
- Beraza (56 urte, Elgoibar) eta Etxeberria (56 urte, Elgoibar)
- Jaunarena (53 urte, Garzaron) eta Foster (53 urte, Lekeitio)
SARI BEREZIAK
- FINALEKO PILOTARI ONENA: Arroitajauregi.
- JARDUNALDIKO LEKEITIOKO PILOTARI ONENA: Arrate.
- TXAPELKETAKO PILOTARI BETERANOENA: Astigarraga (60 urte, Deba).
- FINALEKO PILOTARI JATORRENA ETA UMORETSUENA: Foster.