Lekeitioko udal gobernua. Argazkia: Lekeitioko Udala.
Herritarrei, lau urtetako gobernu sasoian egindakoaren berri emateko asmoz, agintaldiko ekintzen laburpena jasotzen duen aldizkaria kaleratu dute. Aldizkariagaz batera, inkesta bat ere bidali diete aurten herritarrei. “Modu erraz batean agintaldia arloz arlo baloratzeko aukera ematea da, bai eta iruzkinak eta proposamenak egiteko tartea ematea ere”, azaldu dute.
Etxez etxe zabaldu duten aldizkarian, 2011tik 2015era bitartean udalak egin dituen politika eta ekintzen berri eman dute.
Maitane Larrauri Fraile Lekeitioko alkatearen berbekin hasten da. Udal “hurbilagoa eta gardenagoa” eta “proiektu faraonikoetatik urrun, herritarren interesei eta beharrei begiratzeko agintaldia” egiten saiatu direla dio alkateak.
Lau urteetako balantze ekonomikoa egin eta udaleko gastuak ere erakusten dituzte aldizkarian. Horretaz gainera, agintaldiko obra nagusiak gogora ekarri, zabaldutako berdegune eta espazioen kontu eman eta arloz arlo hartutako erabakien zerrenda egin dute. Kultur eta turismo eredu berriak, tokiko garapen ekonomikoa bulatzeko hartutako neurriak, hondakinak murrizteko pausuak, kirol eta berdintasun politikak, hezkuntza eragileekin sortutako elkarlanak, ondarea zaintzeko emandako pausuak, euskararen erabilera sustatzeko egindako lana eta aisialdi zerbitzuaren ezarpena azaltzen dituzte besteak beste.