Paskuetako idi-probak Etxebarriko probalekuan.
Barikuan hasi eta martitzenean amaituko dira Etxebarriko Paskuetako idi probak. Hiru idi pare aterako dira Etxebarriko probalekura lehen lau egunetan, martitzenean, berriz, lau izango dira zein baino zein gehiago ariko diren uztarriak.
22:00etan hasiko dira probak barikuan eta zapatuan. Mungiako Bar Goieta eta Ekometen animaliak eta Errenteriko Patxi Illarretarenak izango dira lehenengoak sari handian parte hartzen. Zapatuan, berriz, Bakioko Txomin Renteria eta Luis Uriagerekaren idiak eta Eibarko Aretarenak neurtuko dira.
Arratsaldean izango dira probak domekan eta astelehenean. Domekan, 18:00etatik aurrera ariko dira lehian, Oiartzungo Retegiren idi parea, Bergarako Belarretarena eta Orioko Oliderena. Astelehenean berriz, Bakioko Zuriñe Uriagerekaren eta Juan Luis Biritxinagaren, eta Laukizko Bionerabarriren txanda izango da.
Martitzenean neurtuko dira, azkenik, azken lau idi bikoteak, eta aurtengo mantaren irabazleak jakingo dira. Azken egunean, Zaldibiko Gaztelu iturgintzaren animaliak, Orioko Iñaki Oliderenak, Bermeoko Ianire Alegriarenak eta Mungiako Taberna Goietarena aterako dira plazara. 21:00etan hasiko dira probak.