Aldez aurretik eskaera eginda zeukaten herritarren hondakin organikoak jasotzen hasi da
Ondarroako Udala. Ingurumen Batzordeko kideek jakitera eman dutenez, 80 familiatik gora daude izena emanda proiektuan. “Jasotako hondakin organikoagaz konposta egingo da, eta konpost hori udala Larruskainen landatzen ari den baso autoktono publikoan erabiliko da ongarri legez”.
Udalak aurreratu duenez, gainera, bi urterako proiektua izango da. Hau da, jasotze sistema behin-behinekoa izango da. “Bi urte barru hondakinak jasotzeko kontratua berritu egin beharko da, eta orduan herri guztian organikoa jasotzeko sistema orokor eta behin betiko bat ipini beharko da. Udalaren asmoa sistema berri hori herritarrek aukeratzea da, beti ere Europa mailako birziklatze mailetara ailegatzeko”.
Astean hiru bider
Etxe aurrean utzitako ontzi marroiak astelehen, eguazten eta bariku goizetan jasoko dira. Era berean, nahi duten herritarrei ontzia lokaletan lagatzeko aukera ere eskaini nahi die udalak. “Momentuz, horretarako lokal bat egokitu dugu. Lehengo Arenosaneko zapata dendan (Angituako Ama kalean) astean hiru bidar euren hondakin organikoa laga ahal izango dute herritarrek. Laster, gainera, lokal gehiago egokitzeko asmoa dugu”.
Euren hondakin organikoak lokaletan utzi nahi duten herritarrek izena eman beharko dute. Bi eratara eman ahal izango da izena; alde batetik, ingurumena@ondarroakoudala.net posta elektronikora idatzita, eta, bestetik, 94-683 36 77 telefono zenbakira deituta.