Mutrikuko XX. Berdel Eguna jendetsua eta girotsua izan da
Eguraldia lagun, arratsaldean moila jendez bete zen. Balorazio oso positiboa egin dute Balea elkarteko kideek, antolatzaileek eta boluntarioekEguna euritsu hasi bazen ere, eguraldi onarekin eta moila jendez gainezka zegoela amaitu zen XX. Berdel Eguna....
Eguraldia lagun, arratsaldean moila jendez bete zen. Balorazio oso positiboa egin dute Balea elkarteko kideek, antolatzaileek eta boluntarioek
Eguna euritsu hasi bazen ere, eguraldi onarekin eta moila jendez gainezka zegoela amaitu zen XX. Berdel Eguna. «Eguraldi onari esker ehunka pertsona batu ziren moilan. 17:00etatik 22:00ak arte txosnak irekita egon ziren, eta zerbitzatu ziren 10.000 pintxoak ia-ia agortu egin ziren. Elkarteek prestaturiko marmitakoa eta berdel errea ere, oso gustura jan ziren», azaldu dute antolatzaileek.Balea elkarteko kideak, boluntarioak eta antolatzaileak, oro har, oso pozik geratu dira. «20. urteurrena ondo ospatuta geratu da; balorazio oso positiboa egiten dugu. Jende guztia oso pozik ikusi dugu. Eskerrik asko bertan lagundu duzuen guztioi».
Beti-betiko zein pintxorik berritzaileenak gustura jan zituzten Mutrikura etorri zirenek, eta eurak dastatzera adin guztietako jendea bertaratu zela azpimarratu dute.
Goizean ez zen jende askorik ibili, baina abesbatzek Zabiel Plazan emandako kontzertuak eguraldia hobetu eta jendea herrira erakarri zuela zirudien.
Arratsaldean, moilako giroa lasai hasi zen berotzen, ohikoa den bezala. Orduek aurrera egin ahala, portua jendez betetzen hasi zen. Zea Maysek iluntzean eskaini zuen kontzertuak giroa guztiz berotu zuen. Kontzertua amaitu eta gero, jai giroa herrigunera zabaldu zen.
Ekimen arrakastatsuak
Zapatuko jaian ez eze, aurreko egunetan egin ziren beste ekimenetan ere nahikoa jende batu da.
Bariku iluntzean egin zen Katxinaren show-cooking-a, esaterako, oso arrakastatsua izan zen. Era berean, ikastetxeetako ikasleek ere hormairudi asko egin zituzten. Goizeko Izarra ikastolako 1. mailako ikasleek jaso zuten aipamen berezia.
Barikuan, gainera, pintxo pote lehiaketako txapelak banatu ziren. Epaimahaiak emandako saria Subeltz tabernak irabazi zuen, berdelez beteriko barrengorriari esker. Herritarren saria, ordea, Goitibehera tabernak irabazi zuen, berdelez eta piperradaz betetako tartaletagatik.