Industria sustatzeko adostutako plana garatzeko eskatu dute hamar alkatek
Busturialdeari bultzada Gernika-Lumoko industriagunea berrituz eman dakiokeela esan dute eskualdeko hamar alkatek. SPRI eta aldundiaren utzikeria salatu duteBusturialdeari bultzada ekonomikoa emateko Gernika-Lumoko industriagunea berriro aktibatu behar...
Busturialdeari bultzada Gernika-Lumoko industriagunea berrituz eman dakiokeela esan dute eskualdeko hamar alkatek. SPRI eta aldundiaren utzikeria salatu dute
Busturialdeari bultzada ekonomikoa emateko Gernika-Lumoko industriagunea berriro aktibatu beharra dagoela esan dute Busturialdeko EH Bilduko zortzi alkateek eta Murueta eta Ibarrangeluko alkate independenteek. «Busturialdeari bultzada ekonomikoa emateko asmoa zintzoa bada, has gaitezen Gernikako industrialdea eraberritu eta indartzetik», esan zuten atzo arratsaldean, Ibarrako industriagunean egin zuten agerraldian. Horretarako, bilera batera deitu dute Busturialdeko Industrialdea elkarte anonimoko administrazio kontseilua, «aurrerantzean eman beharreko pausoak zehazteko».Azken bi urteetan Busturialdeko Industrialdeak erakutsi duen jarrera «adar jotze bat» izan dela esan zuten atzo. «Gaur egun oraindik Gernikako industriagunea eraberritzeko proiekturik ez dago». Gainera, azken bi urteetan, 2013an eskualdeko alkate denek aho batez onartu zuten proiektua oztopatu izana salatu zuten. Gernikako industriagunea eraberritzeko proposamena egin zioten Busturialdeko Industriagunea SAri, eskualdeko alkateen ekimenez.
Zirriborroa baino ez
Proiektu hori egiteko 150.000 euroko inbertsioa egin behar zuen Busturialdeko Industrialdea SAk, eta bederatzi hilabetean amaituta behar zuen. «Hala ere, bi urte pasatu direnean, bost orriko zirriborro bat baino ez dute aurkeztu, aurretxosten gisa. Inondik inora, hasierako konpromisoari erantzuten dion dokumentua».
Busturialdeko Industrialdearen batzorde orokorrak eraberritze proiektua gauzatzeko ardura hartu zuen 2013an, eta administrazio kontseiluaren esku utzi zuten proiektuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko ardura. «Hala ere, kontseilukide batzuk edo bertan ordezkatuta dauden zenbait taldek ez zuten industrialdea bultzatzeko interesik».
«Lezioak eman nahian»
Gauzak horrela, beste proposamen bat egin zuten hamar alkate horiek. Eraberritze proiektua Gernika-Lumoko Udalak diseinatzea. «Horrela, Busturialdeko Industrialdea finantzaketaz besterik ez zen arduratuko; baina horri ere ezetza eman diote orain hilabete eskas, eta modu ez ofizialean, bilerarik deitu gabe».
Hala, kritikatu dutenez, gaur egun Gernikako industriagunea eraberritzeko proiekturik ez du Busturialdeak. «Are gehiago, proiektu hau oztopatu dutenak, bi urte hauetan engainatzeko aitzakia merkeak ipini dituztenak, Busturialdeko ekonomia garatzeko lezioak eman nahian dabiltza». Eta horiek EAJko ordezkariak, eta, antza denez, Jose Mari Gorroño direla esan zuten, azken horrek hasiera batean planagaz bat egin zuen arren. «Industriagunea berritzeko asmoari lepoa eman dionak ez du zilegitasunik lezioak emateko».