Frantziako Muret Seysess espetxeak Xabi Aranburu Sabarminaga preso politiko
ondarrutarraren aurka jarritako salaketa artxibatu egin du Tolosako (Frantzia) Instantzia Goreneko epaileak.
Fiskaltzak Aranbururen aurka hilabeteko kartzela zigorra eskatzen zuen, baina hori artxibatzea erabaki dute. Hala ere, etorkizunean antzerako salaketaren bat jasoz gero, eta ondarrutarraren aurkako beste zigorrik balego, artxibatutakoa eta etorkizunekoa batu egingo liratekeela azpimarratu zuen epaileak.
Presoa bera eta senideak «pozik agertu dira» epailearen erabakiaren berri jakin ostean. «Barikuan bertan eman ziguten sententziaren berri, eta konforme geratu gara», adierazi du Rosa Sagarminaga presoaren amak.
Berez, urtarrilaren 9an ziren epaiketa egitekoak, baina data atzeratu ostean, barikuan epaitu zuten ondarrutarra 2013ko apirilean Muret Seysess-eko (Frantziako) kartzelan jazotako gertakari baten harira.
Defendatzeko aukera
Senideek nabarmendu dutenez, Aranburuk bere burua defendatzeko aukera izan zuen. «Orain bi urte kartzelan gertatuko guztia kontatzeko aukera izan zuen auzitegian. Bere ikuspegia bere hitzekin azaldu ahal izan zuen, eta kartzelan bizi duen egoera salatzeko denbora ere izan zuen. Pozik gaude inkomunikatuta egon zen denbora tartean gertatutako guztia azaldu ahal izan zuelako».
Aranburuk bere burua defendatzeaz gain, haren abokatuak ere behar ona egin duela nabarmendu dute ondarrutarraren gurasoek. «Defentsak ere Giza Eskubideen aldeko oso behar ona egin zuen».
Bestalde, familia, abokatua eta presoa bera orain bi urte Muret Seysess-en gertatutakoa salatu edo ez aztertzen ari dira. «Guk ez badugu salaketarik jartzen kontua bere horretan geldituko da, baina gauzak egin ahal diren edo ez aztertu egin beharko dugu».