Koldo Goitia, Lekeitioko alkatetzarako EAJren hautagaia, joan den zapatuko aurkezpen ekitaldian. Argazkia: Lekeitioko EAJ
Koldo Goitiak, Lekeitioko alkatetzarako EAJ alderdiaren hautagaiak, maiatzaren 24an izango diren hauteskundeetarako programa eta taldea aurkeztu zituen zapatu arratsaldean herritarren aurrean, datozen lau urteetan udala gidatzeko asmo irmoagaz. Emperatriz Zita Hotelean izan zen ekitaldia, eta bertan egon ziren Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagai jeltzalea.
Koldo Goitiak hamar proposamen estrategiko azpimarratu ditu bere programan; euren artean, itsasoari, turismoari eta merkataritzari loturiko jarduera ekonomikoaren bidez herriko ekonomia biziberritzea da nagusi. Beste hainbat proposamen ere aipatu ditu Goitiak, hala nola: gizarte babesa handitzea eta hobetzea; ikastetxeak eta kirol-ekipamenduak hobetzeko inbertsio-plana gauzatzea; San Andres eta San Juan auzoak berritzea; gazteei bideratutako babes ofizialeko eta alokairu sozialeko etxebizitzen proiektua berreskuratzea; garraio publikoaren bidez Bilborako lotura hobetzea; uda sasoian aparkalekuak bermatzea; Santa Katalina pasealekuaren inguruan “Eraztun Berdea” sortzea eta, oro har, Udalaren zerbitzuak eta herritarren parte-hartzea hobetzea.
Lekeitioko EAJko hautagaiak. Argazkiak: Lekeitioko EAJ
Programa hori gauzatzeko, Goitiak hamabost laguneko lantaldea aurkeztu du. “Talde heterogeneoa da, lau independente ere badaude, eta, alde horretatik, gure asmoa da Udal plurala osatzea, elkarrizketaren aldekoa, ahots eta iritzi guztiei leku egingo diena”. Lekeitioko EAJren hauteskunde-zerrendaren prestakuntza eta esperienztia ere azpimarratu du Goitiak: “Profil tekniko handiko langileak, enpresari txikiak, eta langabe bat ere badago lantaldean. Lantalde berria da, freskoa, ilusioz betea, eta prest dago Lekeitioren alde bere esperientzia jartzeko eta bere onena emateko”.
Lantalde horren babesean, “aldaketaren olatua” datorrela iragarri du Goitiak, eta horrek beste garai eta etapa bat ekarriko duela esan du, “irekiagoa, elkarrizketaren aldekoagoa”. Bere programa egiterakoan herritarrek izan duten parte-hartze handia horren adierazgarri izan dela azpimarratu du Goitiak. Ekitaldiaren amaieran, EAJ-PNVren hautagaiak argi eta garbi utzi zuen zer-nolako herria nahi duen gerora begira: “Lekeitio solidarioa, mundura irekia eta etorkizunekoa. Eta, alde horretatik, prest gaude gobernatzeko eta herriari dagoen geldialditik ateratzeko beste bultzada bat emateko”.