Mutrikuko EH Bilduk maiatzeko hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztu zituen barikuan. 16 herritarrez osatutako zerrenda aurkeztu zuten bete-bete eginda zegoen Zabiel kultur etxean. Hautagaiez gain, Xabier Olano Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaia ere han izan zen Mutrikuko Udalerako hautagaiei babesa ematen.
Orain arte alkate eta zinegotzi izan direnek hautagai berriak txalo artean hartu zituzten. Hautagaiek aurrekoek hasitako “bide oparoari jarraipena” ematea dute helburu.
Joseba Palenzuela alkateak azken agintaldiko balantzea egin zuen. Besteak beste, azken lau urteotan udalaren “egoera ekonomikoari buelta eman” diotela nabarmendu zuen. Era berean, herriko taldeekin “harremana sendotu eta politika partehartzaileak abiatu” dituztela ere adierazi zuen.
“Itsas hondotik aterata”
Ondoren, Jon Naberan alkategaiari lekukoa eman zion Palenzuelak. Naberanek eskerrak eman nahi izan izan zien beragan konfiantza jarri duten guztiei, eta alkate aukeratua suertatuz gero, “bere lanari ilusioz ekingo diola”, adierazi zuen. “Udala itsas hondotik aterata, inbertsiotarako aukera berriak izango ditugu”, azpimarratu zuen.
Zerrenda aurkezteaz gain,
herri programaren erronkarik nagusienak zeintzuk izango diren ere azaldu zituzten. Programa osoa Internet bidez ikusi ahal izango da, eta nahi duten herritarrek bertan ekarpenak egiteko aukera izango dute.
Mutrikuko EH Bilduko udal hautagaiak. Argazkia: Klikart
Alkategaia: Jon Naberan
Zinegotzigaiak:
- Ainhize Azpiazu
- Josean Agirregomezkorta
- Amaia Arrizabalaga
- Markel Arizmendi
- Idoia San Martin
- Domeka Lasarte
- Izaskun Osinalde
- Koldo Urkiza
- Laiene Aramaio
- Aitor Itza
- Mirian Onaindia
- Oier Arrizabalaga
- Maribel Urkiri
- Iban Arrunategi
- Iñigo Arrizabalaga