2014ko Markina-Xemeingo Esku Pilota txapelketako antolatzaileak eta irabazleak finalen amaieran.
Herriko taldeko pilotari guztiak aterako dira jokora urteroko hitzorduan, eta inguruko herrietako pilotariren bat ere gonbidatu dute bikoteak osatzeko.
Bost mailatan jokatuko da aurten txapelketa: aurrebenjamin, benjamin, alebin eta txiki, kadete eta gazte eta nagusien mailan. Gehienetan, denak denen kontra ariko dira, ekainaren 14an izango den finalera ailegatzea helburu.
Sei bikote
Nagusien mailan sei bikote ibiliko dira zein baino zein gehiago. Bi taldetan banatuta egongo dira, eta talde bakoitzeko sailkapenaren buru gelditzen diren bikote biak egingo dute aurrera.
Kadete eta gazteek maila berean jokatuko dute. Guztira sei bikote izango dira aurtengo txapela lortzeko lehian ariko direnak. Denek denen kontra jokatuko dute, bakoitzak bost partida, eta nagusien modura, lehenengoak egongo dira finalean.
Alebin eta txikiekin ere beste maila bat osatu dute, eta maila horretan ere, sei bikotek jokatuko dute. Sailkapenean lehenengo, bigarren eta hirugarren geratzen direnek finalaurrekoetara pasatuko dira, gero finala jokatzeko.
Benjaminen mailako norgehiagoka ezberdina izango da. Zortzi pilotarik jokatuko dute txapelketa, eta jardunaldi bakoitzean aurrelaria eta atzelaria aldatu egingo dira. Hau da, partida bakoitzean lagun berria izango dute pilotariek, eta beraz, denak izango dituzte lagun eta aurkari. Aurrelariek sailkapen bat eramango dute, eta atzelariek beste bat. Horrela, puntu gehien lortzen dutenak ailagetuko dira ekaineko finalera.
Aurrebenjaminei dagokienez, lau bikote daude aurten txapelketan, eta gehiengoaren sisteman, denek denen kontra, jokatuko dute.
Domekero
Bestalde, Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldean txikiagoak ere badirela jakitera eman du Peio Urionabarrenetxea taldeko entrenatzaileak. «Horiek ere, libre daudenean, partida batzuk jokatuko dituzte», azaldu du.
Martxoaren amaieran hasi da jokatzen txapelketa, eta urtero bezala, domekero aterako dira frontoi txikiko kantxara pilotariak. Ohi dutenez, 10:00etan hasiko dira partidak eta, Urionabarrenetxeak argitu duenez, pilotariek daukaten egutegiaren arabera maila batzuek edo besteek jokatuko dute, «taldeko pilotariek beste txapelketa batzuk ere jokatzen dabiltza eta».