Abaroa Etorbideko arketak berritzen dabiltza Ur Patzuergoko beharginak. Ibilgailuak desbideratu egin dituzte Buenaventura Zapirain kalerantz.
Lekeitioko Udalak jakitera eman duenez, helburua estolderia sistema hobetzea da, eta horretarako etorbideko bi guneetan lan egingo dute: lehena Abaroa etorbideak Zumatzeta kalearekin bat egiten duen tokitik Eskolapera arte, eta ondoren Eskolapetik Juan Bautista Eguzkitze ingurura arte.
Lehenengo zatian dabiltza momentu honetan beharrean. Guria taberna eta Dra dendaren parean dagoen arketa eta Zulua tabernaren parekoa aldatzen hasi dira.
Zuloa tabernaren pareko lurzorua zulatzen dabiltza beharginak, arketa berriak jartzeko.
Ur Patzuergoak zuzendutako obrak iraun bitartean, ibilgailuentzako zirkulazioa itxita egongo dela azaldu du udalak, eta zamalanetarako bakarrik erabili ahal izango da. “Herritarrentzat oztopoak ahal denik eta txikienak izateko, lanak bi zatitan egingo dira eta beraz zirkulazioa ere eremuka itxiko da”, zehaztu dute. Horrela, Abaroa kalera sartzen diren autoak Buenaventura Zapirain kalerantz desbideratu dituzte gaur goizean.
Lanek, guztira, hiru aste iraungo dituzte.