Gazte guztiak Gaztetxean batuta
Herriko eskaintza zabaldu asmoz antolatu du Busturiko Gazte Asanbladak aurtengo Gaztetxe Eguna, eta lortu dutela diote; leku berean 12 eta 30 urte bitarteko gazteak batzea lortu dute.Espero zutena baino jende gehiago hurbildu zen zapatuan, Busturiko Ga...
Herriko eskaintza zabaldu asmoz antolatu du Busturiko Gazte Asanbladak aurtengo Gaztetxe Eguna, eta lortu dutela diote; leku berean 12 eta 30 urte bitarteko gazteak batzea lortu dute.
Espero zutena baino jende gehiago hurbildu zen zapatuan, Busturiko Gazte Asanbladak antolatutako Gaztetxe Egunera.Aritz Arregi Busturiko Gazte Asanbladako kideak azaldu duen legez, «herriari begira antolatu da aurtengo Gaztetxe Eguna, ez aurrekoetan egin modura. Herriko eskaintza zabaltzea zen asmoa».
Eta jarritako helburua lortu dutela diote. Gaztetxean 12 urtetik eta 30 urtera bitarteko gazteak batzea lortu da, «egun eta momentu berean». Horregatik, «pozik» agertu dira Busturiko Gazte Asanbladako kideak, eta haien iritziz, «hori izan da eguneko gauzarik baikorrena».
Herriko gazteak batzea lortu bazuten ere, inguruko herrietako gazteak ere erakarri zituzten ospakizunera. Izan ere, asko eta asko izan ziren busturiarrekin Gaztetxe Eguna ospatzera animatu ziren eskualdeko gazteak. Hala, «topera» ibili direla azaldu dute Busturiko Gazte Asanbladakoek.
Orain arte, Gazte Eguna antolatu izan du Busturiko Gazte Asanbladak, eta egitaraua Axpe auzoko zenbait lekutara zabaldu izan da azken bi urteetan. Aurten, baina, prestatu dituzten ekintza guztiak Axpeko Otsozulo Gaztetxera mugatu dituzte. Herri bazkariarekin hasi zuten eguna, 36 lagun inguru batu ziren. Ondoren, mahai futbol txapelketa eta ping-pong txapelketetan parte hartzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Iluntzean, eskualdeko bertsolariak hartu zuten Gaztetxeko oholtza. Horien ostean, berriz, Primeros Auxilioss eta Pixontxis musika taldeak aritu ziren gaua girotzen. Azkenik, goizaldera arte, Bull disko jartzailearen musikagaz dantzatu zuten.
Bide berari jarraituz
Aurtengo Gaztetxe Egunaren lehen balorazioa eginda, datorren urtera begira, «formatu beragaz» jarraitzeko asmoa agertu du Busturiko Gazte Asanbladak: «Aurtengoa ideia ona izan da, eta hobeto joan da. Gainera, asanbladaren errealitatera hobeto moldatzen den plangintza bat izan da».