Oinezkoen aisialdirako pasealeku batek elkartuko du Lekeitioko kostaldea
Denboraleen kalteen ondoren, azterketa geologiko eta geoteknikoak egin zituen udalak, kalteen balorazioa egin eta itsaslabarra zelan konpondu jakiteko. Horren arabera interbentziorako proiektu bat egin dute. Proiektuak Lekeitioko itsaslabarraren berehalako egonkortzea zehazten du eta horretarako Bizkaiko Foru Aldunditik 432.663 euro jaso dituzte konponketa lanak ordaintzeko.

Oinezkoen aisialdirako pasealeku batek elkartuko du lekeitioko kostaldea. Argazkia: Lekeitioko Udala
Bideak lotu eta egonkortu eta espazio publikoa berreskuratuko dute egingo dituzten lanen bidez. “Udalaren helburua itsaslabarra egonkortzea eta aisialdirako espazioa irabaztea da, kostaldea konektatuko duen oinezkoentzako pasealekua finkatzea”, nabarmendu dute. Orain, kosta zuzendaritzak eta udalak proiektua zehaztasun guztiekin finkatuko dute, baina bien bitartean, kosta zuzendaritzako ingenieriak interbentzio batzuk egiten hasi dira eremuan.