Udaberriko oporraldia modu partehartzaile, sortzaile eta aktiboan gozatzeko aukera izan dute Lekeitioko umeek
Lekeitioko Udalak eta Aisialdi Taldeak egitarau oparoa prestatu zuten udaberriko oporretarako. Horrela, apirilaren 7tik 10era, arratsaldero, ludoteka eta kidegune zerbitzuak hainbat ekintzekin indartuta egon dira: altxorraren bila herritik zehar, sukaldaritza tailerra, txapak egiteko tailerra, pelikula emanaldia, gaztelu lehiaketa, dantza eta gorputz adierazpena ikastaroa Arraguan eta soinuen bitartez musika sortzeko tailerra.”Haur kopuru handia mugitu da egun hauetan aisialdiko eskaintza ezberdinetatik”, azpimarratu dute.
Txikienen artean, altxorraren bilak arrakasta berezia izan zuela azaldu dute. Eguraldi eguzkitsua lagun, 30 haur inguru, gurasoekin batera, pirataz mozorrotu eta altxorraren bila ibili ziren herrian zehar. “Sukaldaritza tailerra ere gustora hartu dute txikienek; 25 haur trebatu dira bizkotxoa egiten”.
Nagusitxoek berriz, dantza eta gorputz adierazpen ikastaroa eta Urban Dance ikastaroa baloratu dituzte positiboen. Lehen ikastaroa Arraguan egin zuten 25 bat umek. Urban Dancerako plaza kopurua bete egin zen, eta hogei lagunek dantza mota honetako hastepenak egin zituzten.