Isabel Mendiguren Lea Artibai Ikastetxeko Zuzendaria, Joxemari Arzallus Hemen aldizkariko zuzendaria, Xabier Retegi eta Pako Garmendia, aurkezpen ekitaldian.
Jose Maria Arizmendiarrietaren jaiotzaren mendeurrenaren harira, atzo, apirilak 15, arratsaldean egin zen Lea Artibai Ikastetxean Markina-Xemeinen ospatuko diren ekitaldietako lehena. ‘Hemen’ aldizkariak,
Jose Maria Arizmendiarrieta eta kooperatiba mundua izenburupean, euskal kooperatibismoaren sortzaileari eskaini dion zenbakia aurkeztu zuen Joxemari Arzalluz aldizkariko zuzendariak Xabier Retegi eta Pako Garmendia idazleen laguntzagaz. Biek egindako gogoetak irakur daitezke Arizmendiarrietari eskainitako zenbakian.
Hemen aldizkaria orain dela hamazazpi urte hartutako erabakiaren fruitua dela azaldu zuen Joxemari Arzalluzek. «Eta aldizkaria erligio gogoetarako egina dago», zehaztu zuen. Euskal Herriko elizak euskararekiko hutsunea ikusten zuelako sortu zuten Arzalluzen esanetan aldizkaria.
«Azken urteetan euskarazko aldizkari edo elizarekin lotutako aldizkaririk ez zegoen eta ez dago, bakarrik Hemen».
Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak hordago bat bota zieten Hemen aldizkariko egileei ea prest ote zeuden Arizmendiarrietari buruzko zenbaki bat ateratzeko, eta eurek hartu. Hori dela eta, elkarteak emandako aukera eskertu zuen aldizkariaren zuzendariak aurkezpenean.
Jarraibide
Jose Mari Arizmendiarrietaren izaera eta eragina azaldu zituzten Xabier Retegik eta Pako Garmendiak.
Arizmendiarrieta bere garaira mugatutako pertsonaia ala etorkizuneko aitzindaria zen galdetu zuen Xabier Retegik, eta galdera horreri erantzuteko gizartean izan diren aldaketak aitatu zituen.
Gaurko gizarte berri honen premiak asetzeko Arizmendiarrietaren magisteritza aitzindari izan dela nabarmendu zuen Retegik: «Arizmendiarrieta ez da lehengo oroimen polit bat baizik eta gaurko eta etorkizuneko bide bat. Erakutsi zuen lankidetza bide berri bat da gure gizarteak bere nortasuna galdu gabe ekonomia gailenkor bat lortzeko».
Jende asko batu zen Esperantza eraikineko aretoan aldizkariaren berri izateko.
Arizmendiarrietaren Lagunak elkarteko partaideak Barinagako apaizaren kanonizazio prozesua azaldu zuen, eta prozesuko atalik garrantzitsuena orain hasten dela azpimarratu zuen: «Hau da gure garaia lanean hasteko; bere magisteritza bideratzeko eta martxan jartzeko». Bide horretatik jarraituz, fundazio bat sortu nahi dutela ere aitatu zuen «Arizmendiarrietaren irakatsiak etorkizunera begira lantzeko».
Xabier Retegiren gogoetak beste ikuspegi batetik osatu zituen amaitzeko Pako Garmendiak. Arizmendiarrietak zuen bizitzaren autoulerpena edo bere buruaren ikuspena gaur egunean ez bezelako printzipioetan edo belaunaldi berrien printzipioetatik aparte zeudela esan zuen Garmendiak: «Gaur egunean ez daukagu problema teknologikorik ez eta informazio arazorik ere, daukagun krisirik larriena norbere bizitza ulertzeko eran dago». Nor bakoitzak bere buruaren jabe eta bere erantzukizunaren jabe izan behar duela adierazi zuen Pako Garmendiak, eta bere iritziz, Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitzaren adierazpenak ikuspegi horretatik aztertzeak asko lagun dezake etorkizunari aurre egiteko.