Ondarroako presoen senideek
HITZAri jakitera eman diotenez, datorren astean
La Salveko Bizkaiko Guardia Zibilaren komandantzian egin behar zuten deklarazio eskaerari uko egin diote.
Beraien abokatuen bitartez, deklaratzera ez direla joango idatzi bat bidali dute. “Deklaratzera joateko prest gaude, beti ere, auzibideak behar bezala egiten badira eta epaile batek horrela eskatzen baldin badu behintzat. Eskaera egin diguten modua ez da egokia izan, ezta legearen araberakoa ere. Horren arabera, ez gaude joatera derrigortuta”.
Ondarroan bost presoren senideek jaso dute deklaratzera joateko eskaera: Ibon Iparragirreren, Asier Badiolaren, Urtza Alkortaren, Eneko Etxabururen eta Kemen Urangaren senideek datorren astean deklaratzera joateko eskaera jaso dute.
70 senidetik gora
Etxeratek agertu duenez, Euskal Herri osoan 70 senidetik gora deklaratzera deitu dituzte babes juridikoaren aurkako operatiboaren harira. Zitazioek iristen jarraitzen dutela argitu du elkarteak, eta kopurua handitu egin daitekeela aurreikusten dute.
Senideek Guardia Zibilaren Intxaurrondoko eta La Salveko polizia etxeetan deklaratu beharko dute apirilaren 20tik 29ra. Etxeraten arabera, “urtarrilean emandako abokatuen aurkako defentsa juridikoaren aurkako” operatiboagaz lotura du kasuak.
Urtarrileko atxiloketetan Gernika-Lumoko Arrano Etxea miatu zuen Guardia Zibilak
Senide guztiei hiritarrez jantzitako Institutu armatuko polizia agenteek eman dizkiete zitazioak, eta kasu batzuetan gauez ere agertu direla adierazi du elkarteak.
Etxeratek defentsa juridikoaren eskubidearen aurkako kanpaina “ozen” salatu nahi izan du, “senideak maniobra horren aurka kokatu nahi dituzte”, nabarmendu dute. Senideei babesa eta elkartasun guztia helarazi nahi die Etxeratek, “Guardia Zibilaren presentziak beraiengan sortu dezakeen kezka eta larritasunaren kontziente gara”.