Apirila gorriz margotuko dute Ernaik eta LABek
Busturialdeak bizi duen egoera ekonomikoari buelta emateko neurriak beharrezkoak direlako, elkarlanean ariko dira Ernai gazte erakundea eta LAB sindikatua. Hainbat ekimen antolatu dituzte; «apirila gorriz margotuko dugu». Hainbat hitzaldi eta ekimen ...
Oraina direlako, etorkizuna beraien esku dagoela dio Ernai gazte erakundeak. «Alternatibak eraiki behar ditugu, egon badaudelako». Busturialdearen egoera ekonomikoari buelta eman dakiokeela uste dute, eta hori jendartearen lanagaz lor daitekeela.
Egoerarik okerrenetakoa
Euskal Herria «alarma egoeran» dagoela salatu dute: «Historiako langabezia tasarik altuenetara iritsi gara». Etxe askotan diru sarrerek behera egin dutela salatu dute, eta, egoera horretan, gainera, lurzorua espekulaziorako erabiltzea kritikatu dute, besteak beste. Euskal Herriko egoeragaz alderatuta, Busturialdeak bizi duena are okerragoa dela diote: «Enkarterriekin batera, egoerarik okerrenetakoa bizi duen eskualdea da».
Espekulazioa alde batera utzi eta biztanleen bizi kalitatea hobetzeko planak garatzearen alde daude. «Prekarietatea gainditu eta eskualdean bizi eta lan egiteko eskubidearen defentsan altxatuko gara».