Bizitzak salbatu asmoz, hezur-muina emateko kanpaina abiaraziko dute
Maiatzaren 2an, Bermeoko triatloian emango diote hasiera sentsibilizazio kanpainari, eta Busturialdea osora iritsi gura dute. Herritar talde bat ari da lanean kanpainaren atzeanBermeoko herritar talde batek hezur-muina emateko sentsibilizazio kanpaina ...
Maiatzaren 2an, Bermeoko triatloian emango diote hasiera sentsibilizazio kanpainari, eta Busturialdea osora iritsi gura dute. Herritar talde bat ari da lanean kanpainaren atzean
Bermeoko herritar talde batek hezur-muina emateko sentsibilizazio kanpaina abiaraziko du, eta Bermeotik hasiko badira ere, Busturialdea osora iritsi gura dute. Kanpainaren helburua «bizitzak salbatzea» dela aipatu zuten atzoko agerraldian. Gaixotasuna gainditu duen Ibai Gabantxo gazte bermeotarrak ez zuen atzokoan ere huts egin, eta herritar guztiak hezur-muina ematera animatu ditu.Epe luzerako kanpaina izango dela azaldu dute, eta maiatzaren 2an, zapatuan, emango diote hasiera. Izan ere, egun horretan, Bermeon triatloia egingo dute, eta «herrian jende asko batuko dela aprobetxatuta» hasiko dute kanpaina. Egun horretan hezur-muinen emaile izateari buruzko informazioa ematen duen eskuorriak banatuko dituzte.
Kirurgiarik barik
Aipatu kanpaina martxan jarri duen taldeak argi utzi gura izan du hezur-muina emateko «ez dela kirurgiarik behar, ez dela arriskutsua eta zelulak ordezkatu egiten direla lau aste inguruan». Bestalde, gogorarazi dutenez, hezur-muinak ez dira bizkar-muinetik ateratzen: «Odola ateratzea modukoa da, prozesu normala baino zertxobait luzeagoa».
18 eta 55 urte bitartean dituzten pertsonak izan daitezke emaileak. Bermeon eratu den talde horrek, gainera, gauzak erraztu gura dizkie emaile izan gura dutenei. Hala, inprimaki batzuen bitartez, «gura duten pertsonek euren datuak eman ahalko dituzte, eta taldeko kideak izango dira izapideak egiteaz arduratuko direnak». Gainera, hezur-muina ematera eroateko konpromisoa ere hartzen dutela adierazi dute. Facebook sare zozialaren bitartez (bermeodonamedula) edota emailez, bermeodonamedula@gmail.com-era idatzita jar daiteke beraiekin harremanetan.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak bat egin du kanpainagaz, eta atzoko prentsaurrekoan bertan bete zuen taldeak ematen duen inprimakia. Alkatearen esanetan, «garrantzitsua» da mota horretako ekimen solidarioak babestea.
Kanpaina horren berri emateko, udal eraikin guztietan jarriko dituzte kartelak, eta Bermibusak ere kanpainaren promozioa egingo du: informazioa ematen duen binilo bat jarri diote atzealdean.
Tratamendurako laguntza
Jakinarazi dutenez, irailean, Andra Mari eta Santa Eufemia jaien baitan, tonbola solidarioa ere antolatuko dute. Hortik lortzen duten dirua Euskal Herritik kanpora tratamendua hartzen joan behar duten umeei bideratuta egongo da.
Taldeko kideek azaldutakoaren arabera, Espainiako Estatuko biztanleriaren %0,3 bakarrik da emailea: «Urtean 5.000 lagunei diagnostikatzen diote leuzemia, 7.000ri linfoma eta beste milaka pertsonei odoleko beste gaixotasun batzuk. Horietako askok bizitzen jarraitzeko, hezur-muineko transplante bat behar dute, eta hirutik batek ez du emailerik aurkitzen, erdiak umeak izanik». Horregatik, hezur-muinaren emaile izatearen garrantzia nabarmendu dute.