Apirilaren 30era bitartean, ZuEKIN! 2015 lelopean, ekintzaile berriak erakartzeko hainbat ekimen egingo dira Mutrikun.
Mutrikuko Udalak eta
Debegesa Debabarreneko garapen agentziak antolatuta, hitzaldiak, jardunaldiak eta irteera bat egingo dira, ekintzailetza sustatu eta laguntzeko helburuarekin.
ZuEKIN! egitasmoa bigarrenez antolatu da, eta ekimenak mutrikuarrei zein eskualdeko herritarrei zuzenduta daude. Parte hartzea doakoa izango da.
Egueneko ekintzailetza jardunaldia. Argazkia: Mutrikuko Udala
Programaren lehen hitzordua eguenean [apirilak 16] izan zen. Luardon ekintzailetzari buruzko jardunaldia egin zen, eta bereziki azken urteetan negozio ideia bat martxan jarri duten ekintzaileei edota etorkizunean ekiteko asmoa dutenei zuzenduta egon zen.
Teresa Aranzibia
Jario Consulting enpresako kidearen eskutik, hainbat enpresa proiektu aztertu zituzten. Bide batez, motibazioa eta baikortasuna landu zituzten Luardora gerturatutako guztiek.
15 hizlariz osatutako saio eraginkorrak
Egueneko saioaz gain, hurrengo egunetan [apirilak 21, 22, 23 eta 28] ere hainbat hitzaldi emango dira, Zabiel Hitzaldi aretoan, 18:00etatik 21:00etara.
Antolatzaileen iritziz, saioak entzuleentzat “eraginkorrak” izango dira. “Sektore ekonomiko ezberdinetako gertuko esperientzia interesgarriak ezagutzeko aukera paregabea eskainiko dute saio hauek. Lau egunetan, nekazaritza, itsasoa, merkataritza, ostalaritza, turismoa eta sektore berritzaileetan oinarritutako 15 hizlari izango dira euren bizipen eta esperientzien berri ematen”.
Ixi woods enpresako kideek parte hartuko dute jardunaldietan
Aurtengo programari amaiera emateko, apirilaren 30ean
Mutrikuko I. Enpresa Proiektu Lehiaketaren sari banaketa egingo da, 19:00etan, Zabiel Hitzaldi aretoan.
Udalak antolatu eta Debegesaren laguntzarekin sortutako lehiaketak ekintzailetza suspertu, herrian aberastasuna sortzea, ekintzaileen lana aitortzea, enpresa proiektu onenak saritzea eta kooperatiba eredua bultzatzea ditu helburu.
Sarituek Enpresa Haztegian zein Konde Kaleko ekintzaile berrientzako bulegoan kokatzeko erraztasuna izango dute. Enpresa martxan jarri arte eta ondorengo urteetan, aholkularitza eta laguntza izango dute erakunde antolatzaileen eskutik.
ZuEKIN! 2015, egitaraua