Kemen Uranga, 2014ko urrian Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako epaiketan
Kemen Uranga Artolaren senideek jakitera eman dutenez, preso politiko ondarrutarra asteburuan espetxez aldatu dute: Alcala Meco-tik (Madril, Espainia) Daroca-ra (Zaragoza, Espainia). “Zapatuan [apirilak 18], Alcala Meco-ko espetxetik atera zuten, eta oraindik [apirilak 20, eguerdian] ez dugu bere berririk. Itxura guztien arabera, ez da oraindik Daroca-ko kartzelara ailegatu. Kartzelara deitzen ari gara, baina oraindik ez digute inolako erantzunik eman” azaldu dute haren senideek.
Printzipioz, senideek ezer gutxi dakite; Alcala Meco-n Urangagaz batera zeuden beste preso politiko batzuen senideen bitartez jaso dute Daroca-ra bidaltzekoa eta harako bidean dagoeren berri. Ondarrutarraren senideen arabera, egunak eman ditzake kartzela batetik besterako aldaketak. “Noiz helduko zain gaude”.
Atxiloaldi prebentiboan
Senideek HITZAri jakitera eman diotenez, kartzelaz noiz aldatuko zuten zain zeuden aspalditik. “Alcala Meco-n egon den tartean, atxiloaldi prebentiboan egon da. Egia esan, urriko epaiketa egin eta sententziaren berri eduki eta gero, nora bidali behar zuten zain geuden. Antza denez, oraintxe erabaki dute kartzelaz aldatzea”.
Uranga
2014ko urrian epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean. “ETAri laguntza ematea” leporatuta, fiskaltzak zazpi urteko kartzela zigorra eskatzen bazuen ere, bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten.
2012ko abuztuaren 8an Londresen atxilotu eta espetxeratu zuten ondarrutarra.