Koldo Serraren 'Gernika' filmaren pasarte batzuk Lekeition filmatuko dira
Lekeitio plato bihurtuko da berriz ere. Pecado Films eta Lekeitioko Udaleko ordezkariak elkartu eta hala erabaki dute. Horrela, Koldo Serra zinemagilearen Gernika pelikularen pasarte batzuk Lekeition filmatuko dira.
Filmak 1937an Gernikan izandako bonbardaketa izango du ardatz. Gidoia Carlos Clavijo eta Barney Cohenek idatzi dute. Azken horrek Friday the 13th: The Final Chapter filmaren gidoia egin du, besteak beste. Serrak, berriz, Bosque de Sombras thriller generoko filma zuzendu zuen 2006anĀ Gary Oldman, Virginie Ledoyen eta Paddy Considine aktoreekin batera. Nazioarteko aktoreak parte hartuko dute filman.
Azalpenak
Filmaketaren nondik norakoak azaltzeko, aurkezpena egingo da apirilaren 27an, astelehena, 19:00etan Azkue Aretoan. Bertan, Lekeitioko Udaleko ordezkariak eta Mikel Saldise pelikularen kokaleku arduradunak filmaren aurkezpena egingo dute. Ordu beteko solasaldian, kanpaina aurkeztu eta filmaketaren berezitasunak azalduko dituzte. gainera, primiziaz sorpresa batzuk aurreratzeko moduan izango direla uste du udalak.
Herritar guztiei zabalik dago aurkezpena, hain zuzen ere, kokaleku arduradunak Lekeitioko grabaketa egunetan hainbat zereginetaz arduratzeko herritarrak beharko dituelako. Baina batez ere filma grabatuko den kaleetako herritarrei egiten zaie deia aurkezpenera agertzeko. Hauei, grabaketak sortuko dituen aldaketak azaldu eta hiru egun horietako grabaketa ordutegiak eta berezitasunak azalduko zaizkie.