Aurrera Mendi Taldeak eta
Zubi Zahar herri ikastolak antolatuta, domekan [apirilak 26] bosgarrenez egingo da
Boga! mendi martxa, eta aurrekoetan gertatu modura, aurten ere, giro onean batuko den jende asko espero da. Beti bezala, Ondarroa inguruko paisaiak eta toki bereziak ezagutzeko aukera izango dute bertan parte hartzen dutenek.
Izena emateko epea barikura [apirilak 26] arte irekita badago ere, aurten ere jende asko batzea espero dute antolatzaileek. “Iaz 700 pertsona inguru batu ziren, eta aurten ere antzera ibiliko garela uste dugu. Momentuz, 200 eskaera inguru jaso ditugu Interneten, baina esperientziaren arabera, jende gehienak azken momentura arte itxaroten du”.
Aurretiaz izena eman nahi dutenek Aurrera Mendi Taldearen
web orrian bertan edota Ondarroako Anaitasuna eta Kulixka tabernetan egin dezakete. Era berean, egunean bertan izena emateko aukera ere egon badago.

Iazko Boga! mendi martxako irudi bat. Argazkia: Aurrera Mendi Taldea
Aurreko urteetan egin legez, adin guztietako herritarrek parte hartzeko moduko ibilbideak prestatu dituzte. Hiru egongo dira aukeran; lehiakorrenek edo familia giroan eta lagun artean joan nahi dutenek, bata zein bestea aukeratu ahal izango dute. Denak ere, ikastola aurretik abiatuko dira.
Irtetzen lehenak, 54 kilometroko luzera eta 2.400 metroko desnibela dituen ibilbide luzean parte hartuko dutenak izango dira. Martxa
Euskal Herriko iraupen ibilaldien zirkuiturako baliagarria izango da. 07:00ak aterako dira eta helmugara heldu bitartean, 12 bat ordu egin beharko dituzte inguruko mendietan zehar.

Ibilbide luzearen profila
Ibilbiderik luzeena izateaz gain, zailena, gogorrena eta teknikoena berau dela nabarmendu dute antolatzaileek. “Hemen ez dugu oso mendi alturik, baina denak ere oso maldatsuak dira. Aldapa gora eta behera asko ditugu, eta 54 kilometro horrela egitea ez da bat ere erraza izango”.
Hala ere, ibilbidearen azken aldera nekatuta sentitzen direnek alternatiba motzago bat (47 kilometrokoa) egiteko aukera ere izango dute. Arnoaten, 35. kilometroan, aukera bat edo beste hartu ahal izango dute “norbere indarren arabera”.

Ibilbide motzaren profila
Jende gehien batzen duen ibilbidea, ordea, 27 kilometroko motza izaten dela diote antolatzaileek. Herri giroa “apartekoa” izaten dela azpimarratu dute. “Izena ematen duten ia erdiak, hemen parte hartzen dute”.
08:30ean irtengo dute bertan parte hartuko dutenek, eta bost ordu eta erdi inguruan Ondarroako inguru guztietatik ibiliko dira. Denek ere, 800 metroko desnibela gainditu beharko dute.

Ibilbide txikiaren profila
Azkenik, familia giroan umeekin parte hartuko dutenek 10:30ean irtengo dute. Ibilbide txikian parte hartzen dutenentzat 11 kilometroko eta 400 metroko desnibela duen ibilbidea prestatu dute antolatzaileek.
Antolatzaileak domeka noiz helduko irrikitan daude, eta mendian egun pasa egin nahi duten guztiei Boga! mendi martxan parte hartzeko gonbitea zabaldu nahi die.