Martitzenaz [apirilak 21] geroztik, Santoñako (Kantabria, Espainia)
Nuevo Libe baxurako ontzia Ondarroako portuan loturik dago.
Martitzen goizean, 11:30ean aldean, Frantziako uretan arrantzan zeudela ontziak su hartu zuen, eta dena susto batean gelditu baldin bada ere, bertoko marinelak ezin izango dira itsasoratu. Zorionez, denak onik atera dira. «Koadro eletrikoan zirkuitu labur bat egon zen, eta horrek eragin zuen sutea. Zorionez, gune horretan karbono dioxidoa igortzen duen zirkuitu itxi moduko bat dago, eta ateak itxita sua ez zen gehiago zabaldu», adierazi du Ruben Trueba ontziko patroiak.
Teknikoak ‘Nuevo Libe’ konpontzen
Itxura guztien arabera, kalteen konponketak luzerako joango dira; teknikoek bi edo hiru aste beharko dituzte. Denbora tarte horretan, ordea, itsasoratu ezinak galera ekonomikoak ekarri dizkie. Izan ere, baxurako flota
antxoeta erdi-erdian dabil eta. «Galera handiak izango ditugula uste dugu; ia urte erdiko irabaziak».
Bien bitartean, gainontzeko ontziek antxoa deskargatzen jarraitzen dute Egidazu Kaian. Kofradiak igorritako datuen arabera, apirilaren 16tik 22ra, 750.000 kilo antxoa lehorreratu dituzte arrantzaleek. Aurreko asteko kopuruagaz alderatuta, gutxiagoa ekarri dute asteon.
Arrainaren tamaina nahikoa txikia izan da (kiloko 45 eta 55 ale), eta merke saldu da bentan: bataz beste, 1,86 euroan. Bestalde, arrantzaleek eurek horrela adostuta, kiloko 50 alde baino txikiagoko antxoarik ez arrantzatzea erabaki dute. Denak ere, arrain handiagoa harrapatu nahian dabiltza Teilagorrietan, Landen parean.