Joste Egunak jai giroan egingo dituzte bertoko hainbat herritan
Gure Esku Dago dinamikak ekitaldi ugari iragarri ditu asteburura begira. Ekainaren 21ean egingo den hautetsontzi erraldoia osatzeko oihalak josten hasiko dira herriz herri nerea BedialaunetaEkainaren 21ean Euskal Herriko hiruburuetan egingo den ekintza...
Gure Esku Dago dinamikak ekitaldi ugari iragarri ditu asteburura begira. Ekainaren 21ean egingo den hautetsontzi erraldoia osatzeko oihalak josten hasiko dira herriz herri nerea Bedialauneta
Ekainaren 21ean Euskal Herriko hiruburuetan egingo den ekintza masiboa prestatzen hasita daude jada Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean. Horren guztiaren harira, Joste Egunak egingo dituzte bertoko hainbat herritan; denak ere, jai giroan.Hiriburuetan egingo diren ekitaldi nazionaletan, oihalen bidez hautestontzi erraldoiak irudikatu nahi ditu ekainaren 21ean Gure Esku Dagok. Aurretik, ordea, herrietan bada zer eginik: oihalak margotzea, mezuz betetzea eta elkarrekin jostea, alegia.
Gure Esku Dago dinamikako kideek ekitaldi ugari iragarri dituzte astebururako: oihalak elkarrekin josteaz gain, horiek mezuez bete eta margotzeko ordua izango da. Zapatuan, Bermeon, Gernika-Lumon, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Mutrikun, eta domekan, Etxebarrian, Ispasterren eta Mendexan horretarako aukera aproposa edukiko dute herritarrek.
Kalejirak oihalekin batera
Markina-Xemeinen egun osoko jai eguna egingo dute Markina-Xemeingo eta Ziortza-Bolibarko Gure Esku Dago kideen eskutik. Eguerdian hasi eta iluntzera arte, etenik izango ez duen Joste Eguna egingo dute. Erabakitze eskubidearen aldeko jaia triki-poteoarekin eta herri bazkariarekin hasiko dute.
Bapo bazkaldu ostean, oihalak josiko dituzte, eta horiek jostea amaitzean «ekainaren 21ean Bilbon egingo denaren berotze ariketa» egingo dute: musikak alaituta oihalekin kalejiran irtengo dira.
Gernikarrek, berriz, ehuntze prozesua irudikatzeko asmoa dute. Merkurio iturriaren inguruan jai giroan pasako dute goiza. «Oraindik oihalik erosi ez baduzue, pasatu gure dendatik eta hartu zuen oihal zatia».
Bermeon, aldiz, Lameran batuko dira joste lanak egiteko.
Mutrikun, bestalde, etziko eguna noiz ailegatuko zain daude. 800 atxikimendu lortzeko erronka ipini dute, eta irrikaz daude erronka beteko duten ala ez ikusteko. «42 oihal banatuta ditugu, baina horrek ez du esan nahi 840 atxikimendu ziurtatuta daudenik. Hori zapatuan ikusiko da».
Jaia orain arte tutoreen artean banatuta dituzten 42 oihal horiek Goiko Plazan batuta hasiko dute. Bertan parte hartuko dutenei Gure Esku Dagoko mahonezko zapiak lepoan jantzita etortzeko deia ere luzatu diete.
Kalejira egin ondoren, Beheko Plazan oihalak eskegi eta eguerdira arteko jaiarekin jarraituko dute. «Erakusketa moduko bat egingo dugu, jendeak horiek ikusi eta besteengandik ikas dezan. Era berean, oraindik bere mezua laga ez duenak, oihal zatia erosi eta horretarako aukera ere izango du». Bien bitartean, marinelez jantzitako jostunek oihalak eskuz josten ibiliko dira.
Lekeitiarren txanda, ordea, etzi arratsaldean izango da. Plazako monolitoan batu eta iluntzera arte ez da girorik faltako Lekeition. Oihalak bete eta kalejira egingo dute. Horrez gain, musikariek girotuta, arratsaldean pintxoak dastatu eta material berria erosteko aukera ere egongo da.
Ondarroan, beranduago
Etxebarritarrak domekan batuko dira egun osoko jaian. Eguerdian Plaza Barrin oihalak apaindu ostean, trikitipoteoa egingo dute herriko kaleetan zehar oihalak eskuetan dituztela.
Bazkalostean ekingo diote oihalak josteari, eta eguna bukatzeko, dantza saioa eta argazki erraldoia aterako dute.
Isparterren eta Mendexan, aldiz, eguerdi partean josiko dituzte oihalak herriko plazetan. Batean zein bestean, jai giro usainean ariko dira joste lanak egiten.
Bestalde, hasiera batean Ondarroan joste eguna etzi egitea iragarrita bazegoen ere, maiatzera atzeratzea erabaki dute.