Beste urtez batez, dantza kalera aterako dute
Dantzarte elkarteko kideek. Etzi [apirilak 26], Dantzaren Nazioarteko Eguna goi-goitik ospatuko dute Ondarroako IX. Barran; Artibai ibaiaren bueltan 100 bat dantzari batuko dira dantzaren inguruko ekimen berezian. «Arrigorri hondartzako zubitik hasi eta erreka ondoko paseoan zehar batuko gara», azaldu du Maitane Uribe Dantzarteko arduradunak.
Urtero legez, Ondarroako eta Lekeitioko dantzariak batuko ditu ekimenak. Horiez gain, Villasana de Menako (Burgos, Espainia) dantzariak ere eurekin batera egongo dira.
Ondarroako barra, Itsasaurre zubian
Txikiek zein nagusiek ordu erdiko saioak eskainiko dituzte, bakoitzak bere mailan. Hasten lehenak, txikiak izango dira. 12:30etik aurrera, orain arte ikasitakoa herritarrei erakusteko aukera izango dute. 13:10ak bueltan, ostera, nagusien txanda izango da. Hauek «dantza landuagoak» eskainiko dituzte.
Barra, 13:45ak inguruan amaituko da, baina dantza ikuskizunak ez du etenik izango. Dantzartekoek
funky eta ballet ikuskizunak eskainiko dituzte Alamedan. «Koreografia bereziak antolatu ditugu domekarako, eta herritarrak horiek ikustera gonbidatu nahiko genituzke».