Gorka Antxustegiren autoa, III. Lea-Artibai Rallyko lehenengo egunean.
Maiatzaren 1ean eta 2an ospatuko den Lea-Artibaiko rallyrik zorrotzenaren ibilbidea jakingo da domekan. Egun horretan argitaratuko dituzte Lea-Artibai Rallyaren antolatzaileek, Kastingparro Racing Eskuderiakoek, ibilbidearen nondik norakoak, eta Road Book-a emango diete pilotuei. Beraz, domekan edukiko dute aukera parte hartzaileek, inguru horietan entrenatzeko.
Iazko esperientzia ona ikusita, aurten ere tarteen informazioa rallyaren aste bete baino arinago ematea erabaki dute antolatzaileek. Errepide estuak daude ibilbideetan eta tarteen loturetan, eta beraz, kontrolik gabeko entrenamenduak eginez gero, arriskua egon daitekeela ikusten dute. Gainera, rallya igarotzen den inguruetako auzokideei ere, ahal denik eta eragozpen gutxien sorrarazi nahi diete. Horrela, aurtengo tarteen ibilbidearen sekretua domekara arte gordeko dute.
Rallyaren hasiera maiatzaren 1ean, 16:30ean izango da. Dena prest daukate ikuskizunari hasiera emateko.