2. Kronika: "Gogorra, oso"
Gogorra, oso gogorra. Lehenengo etapak amaigabea zela zirudien. Aurretik proba honetan parte hartu izan dutenek ere inoizkorik gogorrena izan dela esan digute.
Emozio handiagaz baina lasai hasi dugu etapa. Motel eta mantso joan gara, guztiok batera.
Metro askoko gailurrak genituen aurretik eta nekez igo ditugu tontorrak; gehiago kostatu zaigu arnasa hartzea.
Bigarren mendian, garaienean, bizitzako ahulaldirik handiena eduki dut; lau ordu inguru behar izan ditugu hori pasatzeko. Asko-asko sufritu dugu.
Kanpamendura helduta ere neure buruagaz ezin nuen. Lurrean etzanda egon naiz luzaroan. Kideak ere arduratu egin dira.
Gutxinaka-gutxinaka gorputza erantzuten hasi da eta energia hartzen joan naiz.
Antolakuntzak hamar ordu eman digu etapa amaitzeko eta guk zortzi eta erdi behar izan ditugu. 600 parte hartzailetik gora gaude proban, eta 200 inguru izango dira lehenengo etapa ez dutenak amaituko; gu ailegatu garenean 300 baino gehiago ziren oraindik ailegatzeke zeudenak.