Aurrerako jokalariek “partida txarra” jokatu zuten Agorrosin futbol zelaian; Xepe Gallastegiren mutilek ezin izan zuten 90 minututan Bergara mendean hartu eta 1-0 galdu zuten. Biek ala biek, hil ala biziko partida zuten zapatukoa: bergararrek jaitsiera postuetatik irtetzeko beharrazkoak zituzten hiru puntuak, eta ondarrutarrek, ostera, lasaitua emango zien puntuak behar zituzten.
Gallastegi entrenatzaileak Agorrosinen zelairatutako 11koa. Argazkia: leartigol
Ondarrutarrek ez zuten euren egunik onena eduki, eta ez zuten ondo jokatu. “Arrisku gutxi eragin zuten, eta erritmo gabe aritu ziren zelaigunean”. Partida hasieran pare bat aukera izan arren, aurkarien areara gutxitan ailegatu ziren, eta Gallastegiren mutilek ezin izan zuten eure jokoa erakutsi, ezta irabazi ere. Aurrera gola sartzen saiatu bazen ere, ezin izan zuten aurkarien atea zulatu.
Batik bat, Bergarakoen jokoa nagusitu zen. Arrisku gutxi eragin bazuten ere, 70. minutuan Julenek buruz egindako tanto bakarrak partida etxekoen alde lotu zuen. Bergararrek lortutako hiru puntuek, hain zuzen ere, kategorian mantendu ahal izateko berebiziko garrantzia dute.
Tolosarren aurka partida garrantzitsua
31. jardunaldia oso garrantzitsua izango da Aurrerako nagusientzat. Denboraldia amaitzeko lau jardunaldiren faltan, 12 puntu daude jokoan. Aurrerak lider jarraitzen du 67 puntugaz, eta Aretxabaletak (bigarren sailkatuak) asteburuan Beti Gazteko Lesakarren aurka bana berdindu ostean, 60 punturekin dago.
Aurrerako eta Bergarako jokalariak baloiaren kontrola hartu nahian. Argazkia: Aurrera
Gutxi falta zaie ondarrutarrei lider bukatu eta hirugarren mailarako igoera lortzeko, baina horretarako euren jokoa berreskuratu beharko dute. Hurrengo asteburuan Zaldupen Tolosaren aurka garaipena lortzea berebizikoa izango da; Aurrerak hiru puntuak gehitu eta Aretxabaletak galduz gero, hirugarren mailara igoko litzateke zuzenean.
Horretarako, bada, Aurrerako jokalariek zein talde teknikoak jarraitzaileen berotasuna behar-beharrezkoa izango dela nabarmendu dute. “Zaletuen laguntzarekin berriz ere garaipenaren bidera itzultzea lortuko dugu”.