Xabier Arrate zinegotzia eta Mikel Saldise pelikularen kokaleku arduraduna aurkezpen ekitaldian. Argazkia: Lekeitioko Udala
Lekeition grabatuko den Gernika filmaren nondik norakoak azaldu zituen atzo, apirilak 27, Mikel Saldise pelikularen kokaleku arduradunak. Xabier Arrate zinegotzia izan zuen alboan, aurkezpenean. Saldisek azaldu zuenez, ekainaren 15ean eta 16an grabatuko dute Lekeition, eta filmaketak Santo Domingo, Arranegi, eta Ezpeleta kaleetan egingo dira.
Grabaketetarako Lekeitio aukeratzearen arrazoia, «garaiko Gernikaren antza» duela izan dela aitatu zuen kokaleku arduradunak. Hasiera batean egun gehiagotan grabatzekoak ziren, baina, azkenean, bi egun nahikoa dituzte filmaketa egiteko. Saldisek azaldu zuenez, 36ko gerra ailegatzear dagoen momentua grabatuko dute Lekeition. Barakaldon ere grabatuko dute, eta gerraren apurketak, berriz, bertan behera utzita dagoen herriren batean filmatuko dituzte.
Mundu guztira
Lekeitiora lantalde handia etorriko da. Teknikari taldea 60 lagunek osatzen dute, eta aktoreak hamabi bat dira. Horiei guztiei figuranteak batuko zaizkie.
Filmaren banatzailea Sony Pictures izango dela ere jakitera eman zuen Gernika filmeko kokapen arduradunak, eta beraz, mundu guztian zabalduko dela aurreratu zuen. Filmeak, bestalde, 5 milloi euroko aurrekontua izango du.
Maria Valverde, Barbara Goenaga, Alex Garcia, Victor Clavijo, Irene Escolar, Ramon Barea eta Elena Irureta aktoreak dira filmaren protagonistetako batzuk.
«Kultura garapen ekonomikorako giltza da eta zentzu horretan pozgarria da guretzat Lekeitioko herria Gernika filmean agertzea», adierazi du Udalak, eta grabaketa eguna hurreratzen joaten den einean, informazio gehiago emango dutela jakitera eman dute.