Hautetsontziak osatzeko lehen puntadak eman dituzte herritarrek
Gure Esku Dago dinamikak deituta, Joste Egunak ospatu dira Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean. Lehen oihalak josi dituzte ekainaren 21erakoEuskal Herriko herri askotan bezala, oihalen bueltan elkartu dira asteburuan, Lea-Artibai, Mutriku eta Bust...
Gure Esku Dago dinamikak deituta, Joste Egunak ospatu dira Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean. Lehen oihalak josi dituzte ekainaren 21erako
Euskal Herriko herri askotan bezala, oihalen bueltan elkartu dira asteburuan, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko bizilagunak. Apirilaren 25a Joste Eguna izendatu zuen Gure Esku Dagok, eta ekainaren 21ean herrialdeetako hiriburuetan osatuko diren hautestontziak egiteko erabiliko diren oihalak josten ibili dira, jai giroan.Oihal zati bakoitza hogei pertsonen adierazgarri izango da. Beraz, bakoitzak bere tela zatitxoa erosi eta ideia, amets, desio edo aldarrikapenekin marraztu eta apaindu dute. Guztien borondateak elkarrekin josi dituzte gero, ekainaren 21ean hautestontzi erraldoiak osatu ahal izateko.
Borondateak josteko egun osoko jaia prestatu zuten Markina-Xemeinen, Ziortza-Bolibarko eta Markina-Xemeingo Gure Esku Dagoko kideek. Frontoi txikian eta plazabarripean ospatu zuten jaia. Eguerdian bazkaria eta jolasak eduki zituzten, eta arratsaldean josi zituzten oihalak. 200 lagun baino gehiago elkartu ziren eguerdian herri bazkarian, eta horrenbeste edo gehiago joste osteko kalejiran. 29 oihal osatu nahi dituzte.
Oihalekin kalejira jendetsua egin zuten bai eta Lekeition ere. Plazako monolitoan bete eta josi zituzten oihalak, eta gero herri osoan zehar erakutsi zituzten, kate luzean. Materiala saldu, pintxoak dastatu eta musikagaz lagunduta egin zuten joste lana lekeitiarrek. 70 oihal beteta dituzte jada, eta gehiago betetzeko asmoa daukate.
Emaitzekin pozik
Mutrikuarrek ere jai giroan ospatu zuten Joste Eguna zapatuan. Oso pozik daude lortu dituzten emaitzekin. «Merezi izan zuen. 800 atxikimendu lortzeko erronka ipini genuen, eta oso gutxi falta zaigu berau lortzeko», esan dute.
Jende askorek irten zuen kalera Mutrikun erabakitzeko eskubidearen alde; denek ere jaia dantzan amaitu zuten. «Beheko Plazan batzuk ailegatuta geunden, eta oraindik ere Goiko Plazatik jendea ailegatzeko zegoen. Polita izan zen Erdiko Kale guztia oihalez betea ikustea».
Zapatuko Joste Eguna ekainaren 21ean Anoetan josiko den hautetsontzi erraldoia egiteko bultzada handia izan zela nabarmendu dute. «Jendea oihal gehiago eskatzen hasi zaigu».
Eguerdi partean batu ziren gernikarrak Merkurio Iturriaren parean, orain arte egindako oihalak josteko. Musika eta dantza giroan, kamisetak erosi eta sarekide egiteko aukera ere eduki zuten. Lanak amaituta, borobil handian erakutsi zituzten Bilbora eramateko prest dituzten oihalak.
Binaka, launaka eta taldeka aritu ziren josten Bermeon ere. Lagun asko batu ziren Lameran orain arteko oihalak josteko. Horretarako hitzordu berria ere jarri dute. Ekainaren 13rako geratu dira faltako diren oihalak josten jarraitu eta San Mameseko hitzordurako prest egoteko.
Domekan elkartu ziren Etxebarrian, Ispasterren, Mendexan eta Aulestin ere borondateak josteko. Materiala saltzeagaz gain, orain arteko zatiak josi zituzten. Bazkaria eta dantzak izan zituzten Etxebarrian, lana eta jaia uztartuz. San Mames betetzeko prest egotea dute helburu.