Udal hauteskundeetara aurkeztuko duen taldea ezagutara eman berri du
Mutrikuko EAJk. Jose Angel Lizardi alkategairekin batera, «Mutrikuren alde lan egiteko prest» dauden beste bederatzi ordezkari aukeratu ahal izango dituzte herritarrek. «Ilusioz beterik aurkezten gara, garbi dugulako zer nahi dugun mutrikuarrentzat. Gure helburua, herritarrengandik hurbil egotea da».
Taldea aurkeztean gain, «herriaren premiei eta beharrei» erantzuten dien programaren berri ere eman zuten aurkezpenean. Aurten, lehen aldiz, prozesu parte hartzaile baten bidez, herritarrekin batera osatu da programa, eta horien «iritziek, kezkek eta iradokizunek» berau aberastu egin dutela nabarmendu du Lizardik. «Azkenean, zentzuzkoa bezain errealista izango den programa aurkeztu ahal izan dugu».
Talde jeltzaleak hauteskundeetarako aurkeztu duen taldea. Argazkia: Mutrikuko EAJ
Gaiei dagokionez, azpiegiturek pisu handia izango dute jeltzaleen programan. Besteak beste, Mutriku-Sasiola egitasmo «egingarriago eta errealistago» bat egiteko bideak eta bitarteko guztiak jarri, irisgarritasun plan «sakon eta eraginkorra» egin eta babes dikeak behin betiko amaiera egokia izan dezan nahi du taldeak. Horrez gain, portuan itsas kirolak bultzatzeko eraikin berri baten proiektua aztertzea proposatu dute.
Lanari dagokionez, aldiz, herriko merkataritza eta ostalaritzarekin zein baserritarren elkartearekin harremanak indartu nahi dituzte. Era berean, herritarren artean ekintzailetasuna bultzatzeko bitarteko guztiak jartzea proposatzen dute.
Bestalde, kanpo agerpena indartuta, euskara indartu eta herriko kultur eskaintza ere ugaritu nahi dituzte.
UDAL HAUTESKUNDEETARA AURKEZTUTAKO TALDEA:
- Jose Angel Lizardi
- Nekane Illarramendi
- Josebe Astigarraga
- Miren Lore Illarramendi
- Ion Gambra
- Elena Cebrian
- Xabi Eizagirre
- Josu Pagoaga
- Esther Urresti
- Felix Azpiazu