Julen Amezketa nagusitu da 25. Sabin Foruria Memorialean
Lasterketak iraun artean egin zuen euriak proba zailagoa eta gogorragoa egin zuen txirrindularientzat. 129 txirrindularitik 43k baino ez dute amaitu lasterketaJulen Amezketak irabazi du 25. Sabin Foruria Memoriala. Aldaola kalean esprinta jo ondoren, b...
Lasterketak iraun artean egin zuen euriak proba zailagoa eta gogorragoa egin zuen txirrindularientzat. 129 txirrindularitik 43k baino ez dute amaitu lasterketa
Julen Amezketak irabazi du 25. Sabin Foruria Memoriala. Aldaola kalean esprinta jo ondoren, bakarrik ailegatu zen Baque Campos Team taldeko txirrindularia helmugara. 2 ordu, 36 minutu eta 30 segundo behar izan zituen Amezketak Lea-Artibai zeharkatu zuen 104 kilometroko ibilbidea egiteko.Garailearengandik bi segundora sartu zen helmugan bederatzi laguneko talde bat. Lehia bizia izan zuten azkenengo metroetan, baina guztien artean, Telco M Gimex taldeko Alain Santamaria eta Lehendakari Txapelketaren buru jarraitzen duen Caja Rural-Seguros RGA taldeko Jonathan Lastra izan ziren bizkorrenak. Podiumera igo ziren biak, bigarren eta hirugarren postuak eskuratuta.
Irabazleagaz gain, Baque Campos Team taldeko beste bi txirrindulari ere ailegatu ziren lehenengo bost txirrindularien artean: Juan Antonio Lopez Cozar eta Julian Barrientos. Emaitza on horiek taldeko garaipena ere eman zioten Baque Campos Team taldeari.
Lea-Artibaiko lehenengo txirrindulariari ere saria eman zion Sabin Foruria Memorialaren antolatzaile Markina-Xemeingo Txirrindulari Taldeak. Fundacion Euskadi-EDP taldean ari den Iosu Angoitia txirrindulari markina-xemeindarrak hartu zuen oroigarria.
Markina-Xemeingo lasterketa proba gogorra izaten da txirrindularientzat, baina, aurten, oraindik ere gaitzagoa izan da. Lasterketak iraun bitartean egin zuen euriak irristakor bihurtu zuen lurzorua, arriskutsua ere bai, tarte askotan. Irristaden ondorioz, erorketak egon ziren ibilbideko tarte batzuetan, Santa Eufemi eta Aulesti bitartean, esate baterako.
Hori guztia dela eta, Aldaolako irteeratik atera ziren 129 txirrindularietatik 43k besterik ez zuten amaitu domeka arratsaldeko proba.