
Willy Toledo aktore madrildarra.
Willy Toledo aktore ezagunaren eskutik ailegatuko da
Historias de Lavapies filma Lekeitiora. Barikuan 20:30ean, emango dute filma Ikusgarri aretoan, eta filmeko protagonista nagusiagaz hitz egiteko aukera egongo da ondoren.
Lekeitioko Zinemazaleek Ikusgarri zine aretoa berreskuratu ondoren, mota edo genero guztietako filmak programatzea hartu zuten helburu, «ikusle desberdinen gustu ezberdinak asetzeko asmoz». Gainera, beti zine komertzialera jo beharrean, «kalitate handiko pelikula txikiak» ere ekartzen saiatzen dira. Asmo horregaz, ekarri dute Ramon Luqueren zuzendaritzapean egindako, eta Guillermo Toledo protagonista nagusi duen,
Historias de Lavapies filma.
«Emanaldia bukatu ondoren zinegile eta zinezaleen artean sotzen den feed-back-aren emaitza interesgarria eta aberatza izaten dela iruditzen zaigu», adierazi dute Zinemazaleen Elkartekoek. Hori dela eta gonbidatu dute bai eta ere aktore ezaguna Lekeitiora.
Sarrerak aldez aurretik
Filma ikusi nahi dutenek, sarrerak erosteko bi aukera izango dituzte: Kultur Etxean erosi aldez aurretik edo zine leihatilan bertan ordu bete lehenago. 4 eurotan eskuratu ahalko dira.
Dagoeneko saldu dira Kultur Etxean 120 sarrera, eta 30 baino ez dira gelditzen aurretiaz eskuratzeko. Sarrerak arratsaldez, 15:00etatik aurrera erosi ahal dira Kultur Etxeko harreran. Hala ere, egunean bertan beste 130 sarrera ipiniko dira salgai leihatilan.
Madrilgo (Espainia) Lavapies auzoan gertatzen den filmean, bertako auzokideen artean gaur egungo krisiak sortzen dituen gora-beherak kontatzen dira, beti ere drama eta komedia uztartuz: beldurrak eta pozak, kontraesanak, xenofobia eta injustizia.