Ekainaren 15ean eta 16an grabatuko dute 'Gernika' filma
Lekeition grabatuko den Gernika filmaren nondik norakoak azaldu zituen astelehen iluntzean Mikel Saldise pelikularen kokaleku arduradunak. Aurkezpenean Xabier Arrate zinegotzia izan zuen alboan. Saldisek azaldu zuenez, ekainaren 15ean eta 16an grabatuk...
Grabaketetarako Lekeitio aukeratzearen arrazoia, «garaiko Gernikaren antza» duela izan dela aitatu zuen kokaleku arduradunak. Hasiera batean egun gehiagotan grabatzekoak ziren, baina, azkenean, bi egun nahikoa dituzte filmaketa egiteko. Saldisek azaldu zuenez, 36ko Gerra ailegatzear dagoen momentua grabatuko dute Lekeition. Barakaldon ere grabatuko dute, eta gerraren apurketak, berriz, bertan behera utzita dagoen herriren batean filmatuko dituzte.
Mundu guztira
Lekeitiora lantalde handia etorriko da: talde teknikoa 60 lagunek osatzen dute eta aktoreak hamabi bat dira. Horiei guztiei figuranteak batuko zaizkie.
Filmaren banatzailea Sony Pictures izango dela ere jakitera eman zuen Gernika filmeko kokapen arduradunak, eta beraz, mundu guztian zabalduko dela aurreratu zuen. Filmeak, bestalde, 5 milioi euroko aurrekontua izango du.
Maria Valverde, Barbara Goenaga, Alex Garcia, Victor Clavijo, Irene Escolar, Ramon Barea eta Elena Irureta aktoreak dira filmaren protagonistetako batzuk.
«Kultura garapen ekonomikorako giltza da eta zentzu horretan pozgarria da guretzat Lekeitioko herria Gernika filmean agertzea», adierazi du udalak. Grabaketa eguna hurreratzen joaten den heinean, informazio gehiago emango dutela jakitera eman dute.