Ibilgailuek ezingo dute Beheko Plazara sartu arratsaldeetan
Maitzaren 4tik aurrera, Correos paretik aurrera bidea itxita egongo da. Inguru horretan negozioak edota garajeak dituztenak pasa ahal izango dute bakarrikHerritarrek horrela eskatuta, Beheko Plaza oinezkoentzat bihurtzeko azken pausoa eman du Mutrikuko...
Maitzaren 4tik aurrera, Correos paretik aurrera bidea itxita egongo da. Inguru horretan negozioak edota garajeak dituztenak pasa ahal izango dute bakarrik
Herritarrek horrela eskatuta, Beheko Plaza oinezkoentzat bihurtzeko azken pausoa eman du Mutrikuko Udalak. Horrela ba, datorren astetik aurrera, bertara ibilgailuekin sartzea debekatuta egongo da arratsaldeetan.Udalak hartutako neurri berriaren eraginez, goizetan bakarrik sartu eta aparkatu ahal izango da Beheko Plazan. 15:00etatik aurrera, ordea, ezin izango da ez sartu ez aparkatu. «Ibilgailurik gabeko gunea izango da. Beraz, gune barruan dauden ibilgailuek isuna jasoko dute», adierazi dute udal ordezkariek.
Joxean Agirregomezkorta udal gobernazioburuak gaineratu duenez, asteburuetan ere itxita egongo dira Beheko Plaza eta inguruak. «Zapatuan 15:00etan itxiko da pasabidea eta astelehen goizera arte ez da zabalduko».
Correos parean ipinitako zutoin batzuek eragotziko dute igarobidea. Larrialdi edo momentu jakinetan bidea zabaldu ahal izateko, aldiz, herritarrek udaltzainekin harremanetan jarri beharko dute.
Era berean, inguru horretan negozioak edota garajeak dituzten herritarrek bertatik igarotzeko baimena izango dutela gogorarazi du udalak. «Herritar horiek udaltzaingora joan beharko dute zutoinak irekitzen dituen giltza eskatzera».