Maiatzaren 13an urteko lehen irteera egingo dute Mutrikuko Anaiarte Biltokiko bazkideek. Aurten, Olite eta inguruak ikusteko aukera izango dute irteera egitera animatzen direnek.
Elkarteko arduradunek adierazi dutenez, maiatzaren 4an eta 5ean egongo da izena emateko aukera. “11:30etik 13:00etara bulegoetan bertan zuen zain egongo gara. Bazkide guztiok etortzera gonbidatuta zaudete”. Era berean, irteerari buruzko informazio gehiago nahi duenak orduantxe edukiko duela ere gaineratu dute.
Oliteko El Fosal plaza. Argazkia: José Luis Filpo Cabana
07:30ean irten eta iluntzera arte ez dira bueltatuko. Bien bitartean, Nafarroako herria eta inguruak ikusteko aukera izango dute. Besteak beste, goizean, Oliteko gaztelua ikusi eta arratsaldean, ardo upelategi txiki bat bisitatu eta bertan dastaketa egiteko asmoa dutela argitu dute. Bazkalondoan, gainera, dantzaldia eta dena egongo dela nabarmendu dute.
Oliteko irteeraz gain, irailean Alpeetara joango dira. Irailaren 27an irten eta astebetean Suitzako eta Frantziako hainbat toki bisitatzeko aukera egongo dela aitortu dute elkarteko arduradunek. “Herri zoragarraik ikusteko aukera izango dugu, eta tartean, Mont Blanc moduko mendi ikusgarrira igoko gara”.
Aiguille du Midi-tik Mont Blanc-eko ikuspegia. Argazkia: wikipedia
Irteerarako ia plaza guztiak beteta baldin badaude ere, oraindik bi toki libre gelditzen direla azpimarratu dute. “Animatzen denak oraindik ere badu gurekin batera etortzeko aukera”.
Horrez gain, bazkide kuota ordaindu ez dutenek horretarako astia ere izango dute maiatzean. Ordainketak egiteko bazkideek elkarteko bulegotik pasa beharko dute astelehenetan zein eguaztenetan, 11:30etik 13:00etara.