Jendea, 24. Ondarroa-Ondarroa egiten.
Artibai Mendigoizale Taldeak antolatuta 26. Ondarroa-Ondarroa iraupen luzeko ibilaldia egingo da barikuan, maiatzak 1. Irteera 06:00etan puntuan izango da Ondarroako Zaldupe futbol zelaitik, eta danetara 60 kilometro izango dituzte parte hartzaileek egiteko, 14 ordutan.
Artibai errekaren ur isurialdea jarraituz, Ondarroa, Berriatua, Markina-Xemein, Ziortza-Bolibar eta Etxebarriko udalerriak inguratzen ditu ibilbideak. Milloi, Lekoiz, Gontzugarai, Trabakua, Ixua eta San Migel mendateak igarotzen dituela zehazten dute Artibai Mendigoizale Taldekoek, eta Oiz (1026 m.), Urko ( 795 m.) eta Max-Kalamua ( 771 m.) mendi tontorrak ere bai.
Nork bere kabuz egiteko ibilaldia izango dela nabarmendu dute antolatzaileek: «Ibilaldi luze eta gogorra da, eta buruaskitasun maila handia eskatzen duena. Beraz, prestakuntza fisiko ona, ekipo egokia eta mendian eskarmentua behar dira».
Erdia egiteko aukera
Artibai Mendi Taldeak ibilbide orri bat banatzen du irteeran eta gidari bat jartzen du ibilaldia 14 ordu inguruan egingo duena. Ibilbidean, gainera, ez da seinalerik egongo, ez eta hornidura gunerik ere.
«Aukera dago ibilaldiaren lehenengo erdia egiteko, Trabakuara arte, edo bigarren erdia, Trabakuatik 13:30etan irtenda», jakitera eman dute.
Ibilaldian parte hartzeko ez da aldez aurretik izenik eman behar, ez eta ezer ordaindu ere. Antolatzaileek mendian federatuta egotea ere gomendatzen dute.