Gorka Antxustegiren autoa, III. Lea-Artibai Rallyko lehenengo egunean.
Motor hotsa entzuten hasiko da bihar arratsaldean, maiatzak 1, Lea-Artibai eskualdean. KPR Eskuderiak ikuskizun paregabea prest dauka kotxezale guztiei eskaintzeko. 52 autok zeharkatuko dute eskualdea IV. Lea-Artibai Rallyan.
Ander Arana, Aingeru Castro, Xabier Lujua, Txus Jaio, Gorka Eizmendi eta Gorka Antxustegi dira rallyan parte hartuko duten gidari garrantzitsuetako batzuk. Pilotu handiak rally gogor eta zorrotz baterako. Ia 100 kilometro egin beharko dituzte pilotu, kopilotu eta autoek bi egunetan, era askotako errepideetan zehar.
Azken hilabeteetan sekretu izan zena jakitera eman zuten rallyaren antolatzaile KPR Racing Eskuderiakoek joan den domekan. Rallya igarotzen den inguruko bizilagunei eragozpenik ez sortzeko eta kontrolik gabeko entrenamenduak arriskutsuak izan daitezkeela ikusten dutelako, ixilpean gorde dituzte aurten ere tarteak. Guztira, Lea-Artibaiko errepide korapilotsu bezain ikusgarrienak igaroko dituzten sei tarte ezbardin izango ditu rallyak, eta bi egunetan banatuta egongo da, «ikusle, antolatzaile zein pilotuek lasaitasunez har dezaten».
Bi tarte berri izango ditu aurten, rallyak. Markina-Xemein eta Aulesti, eta Urrutxua eta Ziortza-Bolibar arteko tarteak kendu, eta Etxebarria eta Eibar eta Elgoibar eta Etxebarria lotuko dituen ibilbide berri bi prestatu dituzte. Ixua eta San Miguel igaro beharko dituzte, beraz, parte hartzaileek.
Irteera Markina-Xemeinen
Irteera ekitaldia Markina-Xemeinen izango da, eta asistentzia, egiaztapenak eta sari banaketa Etxebarrian.
16:30ean hasiko da rallya, eta parte hartzaile guztiak Markina-Xemeingo Zelaia eta Arkupearen artean egongo den podiumetik pasatuko dira gaur arratsaldeko bi tarteetara abiatzeko.
Bi tarteko buklea bi bidar errepikatu eta gero, berriro ere herrigunera buelta egingo dute parte hartzaileek, gutxi gora-behera 20:30ak aldera. «Iazko modura, berriz ere podiumetik pasatuko dira parte hartzaileak eta elkarrizketa txiki bat egingo diegu euren iritziak jasotzeko», azaldu dute antolatzaileek.
Gaur egindako denboren arabera irtengo dira parte hartzaileak bihar. 08:30ean hasiko dute eguna. Markina-Xemeindik irten eta Etxebarriko asistentzi gunean 20 minutuko geldialdia eginda, goizeko lau tarteak egitera irtengo dira autoak.
Tarte bakoitza bi bidar egin beharko dute, eta ostean, atsedena hartzeko aukera edukiko dute Etxebarrian egingo duten ordubeteko berrelkartzean.
Bazkalostean, arratsaldeko bi tarteko buklea bi bidar egitea besterik ez zaie faltako rallya amaitzeko.
Azken autoa Etxebarrira 19:00etan iristea aurreikusten dute antolatzaileek, eta ondoren egingo dute sari banaketa.
Artibaiko errepide korapilotsu bezain ikusgarrienak igaroko dituzten sei tarte ezbardin izango ditu IV. Lea-Artibai Rallyak.
Rallyko parte hartzaile guztiek bete beharreko lehenengo lana egiaztapen administratiboak egitea izango da. Gaur, 10:45ean hasita talde bakoitzak bere ordua izango du Etxebarriko udaletxean aurkeztu beharreko dokumentazio guztia aurkezteko. Ostean, gidariek euren autoak egiaztatu beharko dituzte, eta horretarako Etxebarriko bide gorrian, Olaia aurrean, kokatuta egongo den postura hurreratu beharko dira ibilgailuekin 11:00etatik 13:00etara, bakoitzari dagokion orduan. Lasterketako ibilgailuek ea segurtasun baldintzak betetzen dituzten egiaztatuko dute komisario teknikoek bertan. «Ikusleentzat aukera polita izaten da lasterketako ibilgailuak hurretik ikusteko», diote KPRkoek. Helburu horregaz, motorzaleek rallya bertatik bertara ikusteko, prestatu dute bai eta ere ikuskizun tarte bat. Aginagatik Etxebarrira ailegatzen direnean ibilbide berezia izango dute parte hartzaileek, ikusleen gozamenerako.
Aurten ere Eika ondoko pabiloietan egongo da asistentzia gunea. Hori ere leku aproposa autoak ikusteko. «Herritik hurbil egoteak gauzak errazten dizkigu eta Etxebarriari ere beste bizitasun bat ematen dio, jendea batetik bestera mugitzen delako», esan dute KPRkoek.