Asteon ere, antxoa asko lehorreratu dute baxurako arrantzaleek. Kopurua handia izan baldin bada ere, oro har, Ondarroako bentan saldu dena tamainaz txikia izan da, marinelek nahi baino txikiagoa. Bataz beste, kiloko 45 eta 65 ale artean dituen arraina ari dira harrapatzen.
Arrantzaleek eurek horrela adostuta, arrain txikirik ez harrapatzeko erabakia hartu zuten aurreko astean, eta egunotan ere proposamen berdinagaz jarraitzea erabaki dute. Kiloko 65 aleko dituen antxoa baino txikiagoa ez arrantzatzea erabaki dute, behinik behin, aste honetan. “Arrantzaleen nahia neurria kiloko 55 aletan ezartzea baldin bada ere, momentuz ez da horrela izango. Ez, behintzat, arrain gaztea harrapatzen ari direnean. Arrain handi nahian jarraitzen dute, baina ezinezean dabiltza”, adierazi du Eusebio Arantzamendi kofradiako presidenteak.
‘Nuevo Maria Javier’ baxurako ontziko marinelak beharrean
Bizkaiko Golko osoan tamaina handiagoko antxoaren bila jarraitzen dute arrantzaleek, baina ezin harrapatuta dabiltza. Ahaleginak egin arren, gutxi batzuek lortzen dute merkatuan ondo kotizatuta dagoen tamainako arraina harrapatzea. Besteek, aldiz, txikiagoa harrapatzen konformatu beharko dute. Izan ere, hainbeste orduko lanak egin eta gero, sareak apurtu eta esku hutsik porturatzen denik ere bada egunotan.
500 tonatik gora
Bentan saldu den kopuruari dagokionez, kanpainak “martxa onean” jarraitzen du. Kalare Deuna kofradiako arduradunek igorritako datuen arabera, apirilaren 23tik 29ra, 547.000 kilo antxoa porturatu zituzten marinelek; bataz beste, 1.93 eurotan saldu zen.
Arrantzaleek adierazi dutenez, gainera, asteon nahikoa hurbilago dago arraina. Horrez gainera, itsasoratzeko nahikoa eguraldi onak egin ditu. Astelehenean, ipar mendebaldeko haizeagaz txarra egon zen, baina orduz geroztik itsasoratzeko egoki dago. Martitzenean Bilbo gainean harrapatu zuten antxoa, eta orain ordea, iparralderago ari dira arrantzatzen arraina, Donostia eta Pasaia artean.
KOFRADIAN SALDUTAKO ANTXOA
- Apirilak 23, eguena. 68.000 kilo; bataz beste, 1,67 euro.
- Apirilak 24, barikua. 96.000 kilo; bataz beste, 1,94 euro.
- Apirilak 28, martitzena. 254.000 kilo; bataz beste, 2,09 euro.
- Apirilak 29, eguaztena. 127.000 kilo; bataz beste, 1,73 euro.